Hamar puntuko agenda aurkeztu dio Bilboko Koordinadora Feministak Udalari

uriola.eus 2015ko aza. 26a, 13:00

Milaka lagun batu ziren atzo, azaroak 25, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean, Bilboko kaleetan 'Indarkeria matxista 'inori/inoiz/inon EZ!' lelopean. Manifestazioa, ohiko ibilbidea aldatuta, Bilboko Udaletxean bukatu zen. Biolentzia matxistari aurre egiteko "baliabide eta ideia eraldatzaile" falta leporatu zien Bilboko Koordinadora Feministak Bilboko Udaleko ordezkariei.

Bilboko Udalarentzat indarkeria matxista "ez da lehentasuna". Aburto alkatearen hitzak dira horren froga. "Argi dago alkateak ez duela formula magiko eta behin betikorik aurkituko bizitzaren arlo guztietan agertzen den biolentzia sistemiko bat erauzteko. Baina aitzakia horrek ez du balio. Auzia nola heldu ez jakiteak ez du erantzukizuna zuritzen, batik bat lehentasun politikoak ezartzerakon; kontua da gai hori ez dela haien lehentasuna", adierazi zuten atzokoan Bilboko Koordinadora Feministako kideek.

Bortizkeria matxistaren aurka azaltzea eta emakumeen hiletak gaitzestea "ez da nahikoa" ez da nahikoa koordinadorarentzat. Udalari "jarrera aktiboa" hartzeko eskatu zion atzokoan, eta jarrera aurrekontuetan islatzeko. "Asteon eztabaidara eramango duten aurrekontu proposamenak hori argi asko frogatzen du: emakumeentzako arreta sozialerako eta berdintasuna politikak sustatzeko partida ekonomikoa ez da milioi eta erdira iristen. 2016an %4 gehituko den 500 milioiko aurrekontutik %0,15 besterik ez da emakumeentzako arreta sozialerako izango, eta %0,12 barregarri bat berdintasun politiketarako".   

Diru gehiago bideratzeaz gain, Udalak "arazoaren mamia" argitara atera behar du koordinadoraren hitzetan. "Patriarkatuak emakumeongan ezarritako arauarekin bat ez datozen gorputz eta sexulitaeetan eragitzen dituzten botere-erlazioak". Eta arazoaren mamia ateratzeko matxismoari ez zaio ahotsik eman behar, baina; ez soilik matxismoarik gordinenari. "Ez diogu lekurik eman behar zuriago den horri, pribilegioei eusteko nahasmenaren estrategia baliatuz errealitatea isildu eta ezkutatzen duenari".     

 

10 puntuko agenda

Biolentzia matxistari aurre egiteko instituzioek "ez dute ideia eta baliabide eraldatzailerik" azaldu. Baina Bilboko Koordinadora Feministak bai, baditu. "Baditugu proposamenak, baita agenda bat ere". Ideiak ez ezik ideia horiek gauzatzeko "indar nahikoa" badutela adierazi dute.

Honako 10 puntuak biltzen ditu Bilboko Koordinadora Feministaren proposamen-agendak.

1- Interes publikoa lehenetsi, ez etekin ekonomikoa.

2- Ikuspegi feministatik emakumeak ahalduntzeko gune publikoen defentsa eta sustapena.

3- Debekatutako Hiriaren Mapan gomendatzen diren lan guztiak -duela bost urtetik hona airean daudenak- egiteko baliabideak.

4- Mugimendu feministaren parte-hartze aktiboa eta erabakitzailea instituzioekin partekatutako guneetan.

5- Biolentzia sexistaren biktima diren emakumeentzako eta horien seme-alabentzako arreta integrala, eta prestakuntza feminista hauek artatzen dituzten pertsonentzat.

6- Biko-harremanetatik kanpo ere izaten diren bortizkeria matxistaren beste agerpen batzuk ikusaraztea eta publikoki aitortzea; esaterako, kalean gertatzen den sexu-biolentzia, zeinak gure askatasuna mugatzen duen, nahiz lanean, hezkuntzan edota familian.

7- Zaintza erantzunkidea sustatzeko politika publikoak.

8- Zaintza partekatua ezarriko diguten edota gure gorputzen gaineko eskubidea ukatuko duen legerik ez.

9- Eskola hezkidetzailea, estereotipo sexistak gainditzeko helburua duen heziketa inklusiboa bultzatuko duena.

10- Borondate politikoa behar da! Murrizketarik ez! Emakumeon benetako beharrizan eta eskarien araberako kalitatezko zerbitzu publikoak nahi ditugu, aniztasuna eta diskriminazio guztiak aitortzen direlarik, esaterako, emakume migratuak, presoak, aniztasun funtzionala dutenak, ijitoak, errefuxiatuak, etab.

 

Apirilak 9, mobilizazio nazionala

"Gure burua defendatzeko", autodefentsa feminista aldarrikatu zuten atzo udaletxe aurrean bildu ziren milaka lagunek. Banaka zein kolektiboki ahalduntzeko estrategia, hain zuzen ere. "Honek ordena patriarkalari aurre egin eta emakumeei beren gorputzaren, ekintzen eta eskubideen gauzatzearen gaineko boterea emango die".

Bide horretan, "mobilizatzen" jarraitzeko borondatea azaldu du Bilboko Koordinadora Feministak eta apirilaren 9an, Gasteizen 'Indarkeria sexistari ez' leopean egitekoa den manifestazio nazionala iragarri zuen.

 

#Azaroak25

#autodefensafeminista

[2015-11-25] Indarkeria sexistaren aurkako kartelekin bete dituzte Alde Zaharreko hainbat komertzio

[2015-11-25] Indarkeria matxistaren aurrean 'inori/inoiz/inon EZ!' aldarrikatzeko ekimen ugari gaur

[2015-11-24] Bilboko Koordinadora Feminista: "Erakundeek indarkeria matxistari aurre egiteko baliabide eta ideia eraldatzailerik ez dute"

[2015-11-24] Indarkeria matxistaren aurrean 'inori/inoiz/inon EZ!' aldarrikatzeko ekimen ugari azaroaren 25ean

[2015-11-24] Elkartzen: Erasoen aurrean antolakuntza eta autodefentsa

[2015-11-23] Genero indarkeriaren aurrean prebentzioaren, arretaren eta koordinazioaren aldeko apustua egin du Udalak