Datozen egunetan 41 euskal herritar epaituak izango dira

uriola.eus 2015ko abe. 1a, 12:32

Abenduko lehen aste honetan, euskal herritarren aurkako hiru epaiketa egingo dituzte Donostiako Auzitegian, Auzitegi Nazionalean eta Auzitegi Gorenean. Guztira 41 lagun izango dira epaituak, tarteak, Asier Alberdi, Iñaki Goioaga, Joana Regueiro, Mikel Etxaburu eta Gorka Diaz bilbotarrak. Atzo astelehena, elkarretaratze jendetsuak egin ziren Bilboko zenbait auzotan epaiketak gaitzesteko.

Gaur, abenduak 1, Donostiako Auzitegian deklaratu beharko du Asier Alberdi Deustuarrak, Saioa Zerain, Aritz Azkona, Naroa Ariznabarreta eta Ainara Ladronekin batera. 2007an, Espainiako Auzitegi Gorenak Jarrai-Haika-Segi auziaren gainean ematekoa zuen epaiaren aurrean, A8 errepidea moztu zuten gazteek protesta modura. Egun batzutara Gorenak Segi "talde terrorista" izendatu zuen.

Bihar, hilak 2, Iñaki Goioaga bilbotarrak, Auzitegi Gorenaren aurrean deklaratu beharko du. Guardia Zibilaren 'Mate' operazioaren baitan, urtarrilaren 12an, 16 lagun atxilotu zituzten, horietatik 12 abokatuak "delitu ekonomikoak egitea, ETAko kide izatea eta presoen senideei babesa eta laguntza ematea" egotzita. Iñaki Goioaga abokatua ere operazio horretan inputatua izan zen arren, ez zuten atxilotu, senataria izanik, aforatua delako.

Joan den ekainean helarazi zion Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Auzitegi Gorenari idatzi bat, Amaiurreko senatariaren kontrako auzibidea abian jartzeko eskaera arrazoituz. Izan ere, senataria izanik, Gorenarena du horretarako eskumena.

Velasco epailearen arabera, froga nahikoa dago senataria ETAren "kartzela fronteko" kide zela pentsatzeko; horregatik, ETAko kide izateagatik inputatzea eskatu zion Auzitegi Gorenari.

Bukatzeko, ostegunean, hilak 3, 04/08 sumarioko epaiketa egingo da. Horretan, ezker abertzaleko 35 kide daude auzipetuta, legez kanporatutako EHAK, ANV eta Batasunako kide izateagatik. 2007ko urrian izan ziren atxiloketa gehienak. Auziaren epaiketa urtarrilean abiatu bazen ere, Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zuen, epaitzekoak ziren lagunen abokatuak egun batzuk lehenagoko polizia operazio batean atxilotu baitzituzten. 

Epaiketan, Joana Regueiro, Mikel Etxaburu eta Gorka Diaz bilbotarrak epaituko dituzte eta haiekin batera Haizpea Abrisketa, Tomasa Alejandre, Nuria Alzugarai, Egoitz Apaolaza, Aitor Aranzabal, Alazne Arozena, Karmele Aierbe, Iñigo Balda, Pernando Barrena, Angel Mari Elkano, Maite Fernandez de la Bastida, Marije Fullaondo, Ino Galparsoro, Peio Galvez, Jon Garai, Mikel Garaiondo, Antton Gomez, Asier Imaz, Eusebio Lasa, Iñaki Olalde, Aner Petralanda, Juan Joxe Petrikorena, Arantxa Santesteban, Patxi Urrutia, Joseba Zinkunegi, Mikel Zubimendi, Gorka Murillo, Jesus Mari Agirre, Juan Karlos Ramos, Nekane Erauskin, Karmele Berasategi eta Aurore Martin eseriko dira akusatuen aulkian.

Ostegunean bertan, hilaren 3an, mobilizazioak deitu dituzte "Epaiketa politikorik ez!" lelopean. Indautxun 19:30ean izango da Kirruliren txokoan; San Inazion 20:00etan Levante plazan; eta Bilbo Zaharrean, 20:00etan ere, San Antongo zubian.