Aburtok "merkatari erraldoien alde egin du beste behin, txiki eta ertainak baztertuz", EH Bilduren esanetan

uriola.eus 2015ko abe. 1a, 09:00

'Jaietan jai' aldarrikatzen joan den igandeko manifestazioa

Udal gobernuak “merkatal gune erraldoiei alfonbra gorria” jartzen diola salatu du Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak. Bilboko alkateak komunikabide batean esandakoa gezurtatu du EH Bilduk eta turismo ugariko eremuko legearen ondorio “larrienak” Bilbon ematen direla gogoratu du. Izan ere, udako hilabeteetan irekitzeko ordutegi askea dago.

“Hori EAJk hartutako erabakien ondorioa da. Haiek erabaki zuten ia Bilbo guztia turismo ugariko eremu izendatzea”, salatu du Aitziber Ibaibarriagak. “Eta turismo ugariko eremua dela berrestea huts larria da”, gaineratu du.

Ibaibarriagak gogoratu du Donostiako Udalean merkatariekin adostasun batera heldu zirela espainiar legedia saihesteko. Egoera “oso bestelakoa” da Bilbon.

“EAJk, orain PSE kide duela, merkatariak jazartzera ekin dio berriz ere. Aurreko gobernuak egin zuen gauza bera egin du. Eskerrak ez duela merkatariengan eraginik izan”, esan du EH Bilduko bozeramaileak. Izan ere, igandeko manifestazioak argi utzi du merkatariek eta bezeroek ez dutela jaiegunetan irekitzea eskatzen. Horretaz gain, jaiegunetan dendak zabaltzea izan dituen ondorioak ikusi ahal izan dira. Adibidez, Madrilen negozio txikien %20a desagertzea ekarri du.

“Beste behin ere EAJ merkatari erraldoien alde egiten du. Haiek dira, azken finean, lege horiek ezartzearen onuradun eta bultzatzaile”.