Iberdrolari emandako 'Bilbotar Ospetsua' titulua kentzeko eskatuko dio EH Bilduk Udalari

uriola.eus 2015ko abe. 1a, 12:45

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak gogoratu du Iberdrola "argiaren prezioa manipulatzeagaitik" zigortua izan dela. Eztabaida Udalbatzarrera eramango du koalizioak.

Iberdrola multinazionalari Bilboko Udalak emandako titulua bertan behera uzteko eskatu du EH Bilduk. Koalizioak eskari hori "beste behin" egin du azken orduetan ezagutu den albistearen harira.

Izan ere, Lehiakortasunerako Batzordeak 25 milioi euroko isuna ezarri dio multinazionalari argiaren prezioa manipulatzeagatik. Batzorde horren arabera, Iberdrolak eskaintza murriztu zuen 2013. urteko gabonetan prezioak gora egin zezan.

Jarrera hori multinazionalari emandako titulua eta aipamena bertan behera uzteko "nahikoa dela" uste du koalizioak.

Udalak 2011n 'Bilbotar Ospetsua' titulua eman zion Iberdrolari. Aipamen hori bilbotarren izenaren, irudiaren eta interesen alde agerian jokatu duen pertsona eta erakundeei ematen zaie. "Eta herritarrek ordaindu beharreko argiaren prezioa manipulatzea ez da batere eredugarria", salatu du Fatuartek.

 

Multinazionalaren etika berriz ere ezbaian

Ez da lehen aldia Iberdrola enpresaren jokabidea eztabaidagarria dela EH Bilduren aburuz. 2009 eta 2010 urteetan, "pizgarri fiskalen aitzakipean, ez zuten Sozietateen Gainerko Zergarik ordaindu. Urte horietan 5.700 milioi euroko irabaziak izan zituen multinazionalak. Beraz, nahiz eta legala izan, Iberdrolaren jokabidea ez da oso eredugarria", esan du Fatuartek.