Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko 3. puntuak dio pertsona orok duela bizitza, askatasuna eta segurtasuna izateko eskubidea. Eta 1948an Parisen giza eskubide unibertsalak aldarrikatu baziren, 2015eko abenduaren 10ean Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan euskal presoen eta iheslarien giza eskubideak aldarrikatuko dira.
Sare Herritarreko kideen esanetan, "Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Espainiako zein Frantziako Estatuek egunero eta sistematikoki euskal preso politiko eta beraien senide eta lagunen eskubideak urratzen dituzte". Horregatik azpimarratuko dute ozen "aski da" oihua.
Ekimenak
Bilbon, esaterako, kale astinketa ekimena antolatu du Sare Herritarrak Alde Zaharrean. 'Mugitu daitezen harriak. Mugituko ditugu!' lelopean, 19:00etan ezarri dute hitzordua Plaza Barrian.
Santutxun, aldiz, Egunkaria plazatik hasita 'Plazaz plaza' ekimen berezia antolatu dute, 19:00etatik aurrera, 'Santutxuk, harria baietz mugitu' lelopean.
Bihar, abenduak 11, kantu-poteoa antolatu du Abando-Indautxuko Sare taldeak. 20:00etan abiatuko da kantu-poteoa Areilza Doktorearen eta Poza kalearen arteko izkinatik.
Sare: “Aske eta bizirik nahi ditugu, larriki gaixorik dauden presoak etxean”
Durangon, gaixotasun larriak dituzten euskal presoak askatzeko eskatuz atzo, abenduak 9, Sarek deituta eguerdian burutu den manifestazioa oso jendetsua izan zen. “Aske eta bizirik SOS, larriki gaixorik dauden presoak etxera” leloarekin bat eginik Durangoko kaleak zeharkatu ditu, besteak beste, “etxean nahi ditugu libre eta bizirik”, “Giza Eskubideak non daude” eta “gaixo larriak etxera” ohikatu dituzte elkartutakoek.
Ondoren, ekitaldian, egoeraren larritasuna nabarmendu dute Teresa Toda eta Maika Tameron Sareko ordezkariek eta Euskal Herritik jendarteak zein erakundeek egindako eskaerei entzungor egiten dioten Madril eta Parisko agintarien jarreraren aurrean, denon indarrak batzearen garrantzia ere bai: “Behar beharrezkoa da indarrak batzea, hemen elkartu garen guztiona eta baita etorri ez diren guztiena ere. Iñurrien lanarekin segi behar dugu, soilik horrela lortuko baitugu harriak mugitzea”.
Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko eta sakabanaketa politikarekin amaitzeko eskaera zabala da euskal jendartean, erakundeek ere sarri aldarrikatu dute; bakearen eta konponbidearen aldeko urrats garrantzitsua izango litzateke. Baina, Madril eta Parisko gobernuek entzungor segitzen dute, kartzeletan sufrimendurik ez da arindu eta beraz, Sarek argi adierazi du oinarrizko eskubideei egiten zaizkien erasoei erantzuten eta urraketak salatzen jarraituko duela. “Guztiok batera tiratuta lortuko dugu etxera ekartzea”.
Jakina da, Sareren iritziz, kartzela politika arintzeko ez dutela Gobernuek, ez asmorik ez borondaterik. Ozen salatu dute eguerdiko ekitaldian giza eskubideak urratzen jarraitzen dutela. Horren adibide latzena da gaixorik egon arren preso dauzkatenen egoera eta hori aldatzeko, komeni dela herritar gehiagok bere ekarpena egitea. “Gutako bakoitzak gure eremuan egin behar dugu lan, gure lagun artean lehenengo, eta baita inguruan, lankide, eskola edo unibertsitateko kide zein gure auzoko bizilagun guztien artean. Horiek guztiak aldarrikapen honi lotuta soilik lortuko dugu erronka, eta utziko dute gaixo diren presoak kartzela. Aukerak izango ditugu parte hartzeko. Abenduaren 10ean Giza Eskubideen adierazpen unibertsalaren 67 urteurrenean hainbat herritan burutuko dira ekimenak. Eta urtarrilaren 9an manifestazioak egingo dira Bilbon eta Baionan, 'Mugitu daitezen harriak. Euskal Presoak Euskal Herrira. Giza Eskubideak, konponbidea eta bakea' leloarekin.
Ekarpen ekonomikoak
Urtarrilaren 9ko Bilbo eta Baionako mobilizazioa aurrera ateratzeko herritarren ekarpen ekonomikoa "ezinbestekoa" du Sare dinamikak. Horretarako hiru bide eskaintzen ditu.
- Esne Beltza taldeak egi duen Mugitu harriak abestia erosita.
- Mugitu harriak kamiseta erosita. 10 euro balio du kamisetak.
- Dohaintza eginda. Nahi den ekarpena eginda dohaintza baten bitartez, alegia.