Agerraldian, Maria Solaetxek, euskaraz, eta Araceli Lopezek, gazteleraz, hartu dute hitza. Solaetxek prekarietatea bizi duten 8 lagun bezala aurkeztu ditu bertan zeuden lagunak eta martxan jarritako ekimenarekin, lan baldintzen inguruko eztabaida sustatzeko asmoa dutela azaldu du.
Egun, Euskal Herriko lantegi, kale eta etxeetan izanik ere, prekarietatea eta hau pairatzen duten biktimak "ikusezinak" direla argudiatu du; beraz, "laneko duintasuna aldarrikatzea" beharrezkoa dela.
Bi hilabetez prekarietatea bultzatzen eta baimentzen duten erakundeak seinalatu dituztela diote, 'Prekarietatearen Fokua' deitu dutenarekin. Gipuzkoako eta Nafarroako patronalak, Iberdrola, Eusko Jaurlaritza, AHTaren eta San Mames-eko obrak, eta El Corte Ingles izan dira argiztatuak momentuz.
Prekarietatearen fokua horiengan jartzeaz eta bideo bidez interneten zabaltzeaz gainera, kalera ere atera dira euskal herritarrei ekimenaren berri emateko; eta 1.200 euroko billeteak ere banatu dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.
Solaetxek argitu bezala, ekintza hauek guztiak aurrera eramateko ezinbestekoa izan dute ELA sindikatuaren laguntza. Haien prekarietate egoera larria ulertu, eta kanpaina martxan jartzeko laguntza eta babesa eskaini baitie. Haiek izan dira ekimenaren sustatzaileak, ELAk baliabideak erraztu dizkie, baina '#1200eurotikGORA' manifestua eta ikurra prekarietatea sufritzen duten pertsonena eta manifestua sinatu duten eta sinatuko duten guztiena dela diote. Aldarrikapen hau ahalik eta euskal herritar gehienek bere egitea lortutzea dute helburu.