Bilboko Udalak bihar, ostirala, abenduak 11, aktibatuko du .eus domeinua www.bilbao.net webgunean. Horrela, Bilboko Udalak beste euskal erakunde batzuek egin dutenarekin bat egingo du eta domeinua aurrerantzean www.bilbao.eus izango da.
Bilboko Udalak webgunean ezezik, helbide elektronikoetan ere aktibatuko du .eus domeinua, eta ondorengo hiru hilabeteetan domeinu biak egongo dira erabilgarri.
Euskara eta euskal kultura egituratzeko xedez 2007an hasi zen domeinu hau. Ordutik, asko izan dira euren webguneetan .eus domeinua jarri duten elkarte, enpresa eta erakundeak. Euskara beste hizkuntzen maila berean jartzeko tresna da .eus domeinua. Euskararen normalizazioan lagungarria izango da eta nazioarte mailako onarpena ekarriko dio.
Interneteko domeinuen kalitatearen rankingean .eus domeinua gaur egun laugarrena da. Euskara Interneten indartzeko oso baliagarria da tresna hau; eta Bilboko Udalak euskarari ematen ari zaion bultzada honekin bat egin nahi du.