Abenduaren 12an jokatuko da Gaueko Estropadaren III. edizioa

uriola.eus 2015ko abe. 10a, 13:40

Gaur aurkeztu dute Udalak, Deustuko Arraun Klubak eta Tecuni elektrizitateenpresak Bilbon, abenduaren 12an, larunbata, 18:15ean, jokatuko den Bilbao-Tecuni Gaueko Estropadaren hirugarren edizioa.

Oihane Agirregoitia, Gazteria eta Kiroleko zinegotziak; Matias de Lecea Agirre, Tecuniko alboko zuzendariak eta Borja Rodrigo Deustuko Arraun Klubekoak azaldu dutenez, hirugarren edizio honetan ere itsasadarrean jokatuko da gaueko estropada ikusgarri hau. 10 traineru arituko dira: Portugalete, Deustu, Elantxobe, Arkote, Mundaka, Hibaika, Deustuko eta Hibaiko emakumezko taldeak, Deustu Sub-21 eta Portugaleteko gazteak.

Emakumeen parte-hartzea estropadan

Aurtengo nobedadeen artean Bilboko eta Errenteriako emakumezko traineruen partehartzea dugu. Jakin badakigu gizonen eta emakumeen benetako berdintasuna lortuko nahi bada, nahitaezkoa dela emakumezkoen kirola indartzea. Hala, instituzio publiko, enpresa, elkarte eta kirol taldeen arteko elkarlana funtsezkoa da emakumeen partehartzea sustatzen duten kirol-probak babesteko eta indartzeko.

3 miliako ibilbidea

Estropada 4 luze eta 3 ziabogez osatzen da eta ontziek Bilboko Itsasadarrean zehar 3 itsas milia egingo dituzte, hau da, 5.556m. Estropadaren hasiera eta amaiera Pio Barojan kokatuko dira, hau da, Bilboko Udaletxearen aurrealdean. Lehenengo eta hirugarren ziabogak Arrupe zubian ezarriko dira (Deustuko Unibertsitatearen aurrealdean). Bigarren ziaboga, aldiz, irteera-puntuan izango da (Pio Barojan, Bilboko Udaletxearen aurrealdean).

Proba original eta erakargarri hau erlojuaren aurkako modalitatean burutuko da eta talde bakoitza ontzi baten bidez ordezkatuko da. Proba antolatzen duen klubaren inguruetan, Deustuko Arraun Klubak hainbat aparkaleku erreserbatuko ditu traineruen gurdietarako eta ibilgailu eramaileetarako.

Ordezkarien bilera 16.45ean izango da, proba baino ordu eta erdi lehenago, Deustuko Arraun Klubean. Bizkaiko Federazioko epaileek arbitratuko dute proba.

Gaueko estropada hau, formatu berri bezain berezia da, traineruak inguru paregabean elkartuz, Bilboko Itsasadarrean. Hirugarren urtez, Itsasadarra argiz beteko da. Traineruentzat garrantzi handikoa da estropada-eremuan argitasun nahiko egotea eta, horregatik, eremu horretako zenbait puntutan eta traineruen barruan argiak jarriko dira.