Terrorismoa goratu zutelakoan deklaratu dute Indautxuko hiru auzotarrek

uriola.eus 2015ko abe. 14a, 11:00

Argazkia: ‏@etxeandi

Auzitegi Nazionalak Indautxuko hiru auzokide zitatu ditu terrorismoa goratzeagatik. Astero Indautxun egin ohi den auzoko presoen eskubideen aldeko elkarretaratzean identifikatu zituzten. Gaur Bilboko epaitegian deklaratu dute. 'Aski da!' lelopean, elkarretaratzea deitu du Indautxuko Ezker Abertzaleak epaitegi aurrean.

Joan den urriaren 14an Ertzaintzak Indautxuko hiru auzokide identifikatu zituen "euskal preso eta gatibuen senideei elkartasuna adierazten" ari zirela. Auzoko Ezker Abertzaleak jakinarazi duenez, identifikazioa era "oso zakarrean" egin zuen Ertzaintzak Joseba Asensioren txokoan (Licenciado Poza eta Doctor Areilza kaleetako ertzean), eta poliziak "eskubide zibil eta politiko funtsezkoenak urratu zituen horrela jokatzean". Ezker Abertzalearen arabera, preso dauden pertsonenganako elkartasuna "ezin da debekatu ezta estigmatizatu ere".

Egun horretan polizia autonomikoek "teorian" babestu beharko lituzketen oinarrizko eskubideak "bortxatu zituzten". Lekukoen esanetan, hiru ordu laurdenez eten zuten legeak agintzen duen moduan komunikatutako kontzentrazioa. "Azpimarratu beharra dago elkarretaratze horren helburuak guztiz zilegiak direla".

Ertzainek aitzakia "baldarra" argudiatu zuela dio Ezker Abertzaleak: "Inork sinestuko ez duena: gure senide, adiskide eta auzokideen siluetek terrorismoaren gorazarrerako erabili zirela. 40 bat lagunen manifestazio eskubidea urratuta, irainak zein bultzakadak aguantatu (horietako bat zaharra den preso baten amaren kontra) eta jarrera harroputza eta jazartzailea sufritu ondoren, ertzainek alde egin zuten, zazpi lagun identifikatu ostean".

Poliziek egindako eraso "lotsagarria" ez zen nahikoa izan, Auzitegi Nazionalak identifikatu zituzten hiru pertsona deklaratzera deitu baititu Bilboko epaitegietan gaur, astelehena, ustez terrorismoaren gorazarrearen delitua egin zutela egotzita.

"Bidegabeko jokaera hauek salatzeko, eta gure elkartasun irmoa adierazteko deklaratzera deitu duten pertsonekin, gatibuekin, zein presoen senide eta adiskideekin" kontzentrazioa egin dute gaur, hilak 14, Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean, "presoenganako elkartasuna ezin baita debekatu ezta gartzelaratu ere".