Kabulgo atentatua gaitzetsi dute udaletxeko eskalinatan

uriola.eus 2015ko abe. 14a, 12:45

Argazkia: Socialistas Vascos ‏@socialistavasco

EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen deiarekin bat eginik, Bilboko Udaleko alderdiek, EH Bilduk izan ezik, Afganistanen gertatutako azken atentatua gaitzetsi eta elkartasuna adierazteko bost minutuko isilpeko elkarretaratzea egin du gaur eguerdian Udaletxeko kanpoko eskalinatan.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Udal Korporazioko gainerako kideekin batera, EH Bilduko zinegotziak salbu, joan den ostiralean Kabulen (Afganistan) Jorge Garcia Tudela eta Isidro Gabino San Martin polizia-agenteen heriotza eragin zuen atentatua gaitzesteko elkarretaratzean parte hartu du.

EAJko Andoni Ortuzar, PSE-EEko Idoia Mendia eta PPko Leopoldo Barreda ere izan dira elkarretaratzean.

Bilboko Udalak atentatu berri hau errefusatu eta elkartasuna adierazi die Espainiak Afganistanen duen Enbaxadaren inguruko erasoan izandako biktimen senide eta urkoei.

Txalo zaparradarekin eman dute amaitutzat ekitaldia.

 

EH Bildu: "Hipokresiaz betetako kontzentrazioa"

Eguerdia baino lehen jakinarazi dute EH Bilduko zinegotziek ez dutela elkarretaratzean parte hartuko "hipokresiaz betetako kontzentrazioa" delako. Sare sozialen bidez zabaldu duten mezuan ohartarazi du koalizioak "herrialde askok pairatzen dutela gerra, eta desestabilizazioan ardura zehatzak dituztela Mendebaldeko potentziek. Beste nazioarteko harreman eredu baten alde lan egiteko konpromisoa dugu, herrien burujabetza eta garapen ekonomiko justua aintzat hartuz".

EH Bilduk gogorarazi du Veronica del Carmen, etxeko-langilea, lanean zebilela hil zenenean, elkarretaratzea deitzeko eskatu ziola udal gobernuari, eta "ezetza" jaso zuela. Udalaren "hipokresiaren" adibide da orduko eta gaurko jarrera, koalizioaren aburuz.