Prekaritateari aurre egiteko ‘Eragin!’ dinamika jarri dute martxan Bilbon

Topatu.eus 2015ko abe. 15a, 09:40

Bilboko gazte mugimenduak Bilbo eraldatzeko asmoz ‘Eragin!’ dinamikaren jaiotzaren berri eman du. Bilboko Alde Zaharreko eta erdiguneko prekaritatearen mapak osatu dituzte.

Dinamika honek gazte prekaritatea salatzea eta burujabetzaren bidean pausoak ematea izango du helburu. Eragin dinamikak Bilboko udal gobernuak neoliberalismoari eta lehia basatiari ateak zabaldu dizkiola salatu du. Izan ere, enpresa handiek eta multinazionalek negozio borobila egin dutela ohartarazi dute Bilboko udaletxeak bultzatu eta baimenduta. 

Bilboko gazteak emantzipaziorako dituzten arazoak plazaratu nahi izan dituzte, langabeziak gogor kolpatu baitu Bizkaiko hiriburua. Bilboko gazteak lan-baldintza prekarioetara kondenatuta daude, lan kontratuen %63ak hiru urte baino gutxiagoko iraupena duelarik. Bilakaera horren erantzule eta figura Iñaki Azkuna Bilboko alkatea zena dela azpimarratu dute. Egoera honen aurrean dinamikan parte hartzera eta burujabetzaren bidean antolatzera deitu dute.

Bilboko alkateak eta IMQk irmoki gaitzetsi dute Iñaki Azkunaren eskulturaren aurkako erasoa

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak irmotasun osoz gaitzetsi du, aurpegia estalia zuten bost pertsonak Deustuko IMQren inguruan Iñaki Azkuna alkatearen omenez kokatutako eskulturari egin dioten erasoa.

Alkatearen hitzetan, “irrazionalek eta biolentoek ezin izango dute ezabatu Azkuna alkatearen irudia, ezta hiri honi egin dion ekarpena ere. Eskultura pintatu ahal dute, baina ezin izango dute ezabatu bilbotarren bihotzetatik”.

Aburtok adierazi duenez, Ertzaintzak ekintza bandaliko horren egileak identifikatu eta epaileen esku uztea espero du, “Azkuna alkatearen aurkako erasoa bilbotar guztiei egindako erasoa baita”, nabarmendu du.

Azkenik, alkateak gogoratu du “biolentoek eta errespetugabeek ez dutela lekurik Bilbon. Bizikidetzaren izenean, “talde politiko guztiek hiriaren ondareari eta Bilboko alkate baten irudiari egindako eraso hau gaitzetsiko dutela espero dut”.