Udal Merkatuetatik etxeko sukaldera eta mahaira

uriola.eus 2015ko abe. 15a, 08:45

Argazkia: www.euskoguide.com

Gabonak hurbiltzen ari dira, eta Gabonekin batera oporretarako planak, afariak, opariak… eta, zelan ez, jaiegun horietarako menua planifikatzeko ideiak. Horretarako, Bilboko Udal Merkatuak azken xehetasunak lotzen ari dira, jaiegun horietarako euren bezeroen erosketa saskiak jasoko duen guztia prest izateko.

Testuinguru horretan, gaur goizean Bilbao Zerbitzuakek zenbait proposamen osasungarri aurkeztu ditu datozen jaietako bazkari eta afarietarako, Artxandako Ostalaritza Goi Eskolaren eskutik. Igor Ozamiz AOGE-ESHAko sukaldariak pentsatutako eta zuzenean prestatutako menu oso eta gozoa.

Izan ere, nork esan du Gabonetan ezinbestekoa dela gehiegi jatea? Bilboko Udal Merkatuek Gabonetako menu osasungarria proposatzen diete euren bezeroei, baina jai izpiritu nabarmenarekin.

Jai hauetarako menu orekatua diseinatzea posible da produktuak aukeratzeko edo ohikoak ez diren errezetak prestatzeko orduan irudimena eta sormena erabiliz gero, gaur goizean argi eta garbi ikusi den bezala. Gaur prestatutako menuak hau jaso du: neguko barazkien salteatua, Bizkaiko Golkoko arraina bilbotar erara karduekin, oilasko konfitatua saltsa bizkaitarrarekin eta azarekin, eta postre gisa Gabonetako konpota Mungiako arto irinarekin egindako taloarekin. Plater gozo eta orekatuak, betiko errezetetan oinarrituak, eta sasoiko tokiko kalitatezko produktuekin eginak. Horren emaitza menu berezia eta osasungarria izango da.

 

Sasoiko produktuak

Janari gozoak ez du zertan orekarik gabea izan behar. Frutek eta ortuariek aukera asko eta asko eskaintzen dituzte, errezeta xumeenetatik hasi eta goi mailako sukaldaritzako plateretaraino. Gogoratu behar da sasoiko frutak eta barazkiak oso onak direla organismoak behar bezala funtziona dezan, hidratazio iturri dira eta bitaminak, zuntza eta mineral antioxidagarriak eta oso kaloria gutxi ematen dituzte.

Arrainari eta haragiari dagokienez, elikagai ezin hobeak dira familia osorako menu osasungarria eta orekatua osatzeko.

Sasoiko fruta, barazki, haragi eta arrain fresko gehiago kontsumitzea lehen pausoa da dieta osasungarria eta orekatua izateko. Eta lehen pauso hori Bilboko Udal Merkatuetan hasten da.

 

Argazkia: www.euskoguide.com