Herritarren Kontseiluak hiriarentzat garrantzitsuak diren zenbait gai landu ditu. Bilboko alkate Juan Mari Aburtoren eskutik, 2015-2019 aldiko agintaldi honetako Gobernu Plana aurkeztu du; Mikel Ocio, Hiri Plangintzarako Zuzendariak Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren Berrikusketako Aurrerapen faseko Herritarren Partaidetzarako Programaren berri eman du; eta, azkenik, Zorrotzako eta Zorrotzako Muturreko berrikuntzako espazioei buruzko informazioa eman dute.
2010ean sortu zenetik atzokoa Bilboko Herritarren Kontseiluak egin duen seigarren bilera izan da. Parte-hartzaileen artean Juan Ignacio Vidarte, Iñaki Garcinuño, Magdalena Mugika, Maria Jesus Cava, Jose Ramon Bilbao Otaola, Javier Viar, Mercedes de Miguel, Jose Domingo Ampuero y Osma, Adolfo Arejita eta Itziar Lazkano egon dira, besteak beste.
Bilboko Herritarren Kontseilua aholku- eta eztabaida-batzordea da tokiko ekonomia-garapenean, hiriaren plangintza estrategikoan eta hiri-proiektu handietan diharduena. Ekonomia, gizarte eta kultur arloko elkarteetako zenbait ordezkarik, lanbide-elkargo eta auzokoen elkarte nagusietako zenbait ordezkarik osatzen dute.
Kontseiluak 90 kide inguru ditu. Bilboko Herritarren Kontseiluaren xede nagusia hauxe da: hiriarekin eta haren etorkizunarekin zerikusia duten gaiei buruz hitz egiteko eta eztabaidatzeko erakundeen plataforma iraunkorra sortzea. Horretarako, gogoetak batera egiteko eta pentsamendu estrategikorako lekua ezarriko dute, hiribilduko gai publiko nagusiak kudeatzen laguntzeko eta euskarri izateko; eta, hain zuzen, horretarako dira haren batzarraldiak.