Juan Mari Aburto alkateak, gaur, Gobernu Batzordeko bileran '2015eko Bilboko Ospetsuak' izateko nor aukeratu duten jakinarazi du. Izendapen horrekin, Bilboren izen ona zabaltzen lagundu duten pertsonen edo erakundeen ibilbidea aitortu nahi du Udalak.
Honako edizio honetan, sei titulu berri gehitu zaizkio 'Bilboko Ospetsuen' zerrendari. Hona hemen:
Martina de Zuricalday Bilbaoren iloben gozodendak: "1830etik datorren usadioarengatik eta gozokiak ondo egiten jakiteagatik".
Txetxu Rojo: "Ezker hanka zoragarria daukan talentu fineko lehoi honek Athleticek ordezkatzen dituen balioen eta sentimenduaren ikurra izateagatik".
Alfonso Santiago: "Bilbao musikaren nazioarteko erreferente bihurtzeko egindako lanarengatik".
Emilio Sagi: "100 urte bete dituen Arriaga Antzokiaren buru gisa erakutsitako konpromiso, jeinu eta sormenarengatik".
Gorabide: "50 urte emateagatik adimen-desgaitasuna dutenen aldeko jardueran".
Karmele Goñi: "Historiagile eta etnografo bezala etengabeko lana egiteagatik euskararen eta euskal kulturaren alde Bilbon".
'Bilboko Ospetsuak'
2001ean Azkuna alkateak ezarri zuen lehenengo aldiz aitorpen hau eta Juan Mari Aburtoren talde berriak berriro hartu du “Bilboren historia, ibilbide eredugarri eta nabarmenak izan dituzten pertsonekin aberastea eta, aldi berean, Udal honek eman dezakeen izendapenik handienaren bidez saritzea eta aitortzea” .
'Bilboko Ospetsuen' zerrenda, orain arte 84 izendapenez osatuta dago, azken edizioko seiak gehituta. Izendatutakoen artean badira musikariak, abeslariak eta konpositoreak, historiagileak, idazleak, sukaldariak, aktoreak, enpresak eta enpresetako zuzendariak, ikastetxeak, zinemako zuzendariak eta modaren profesionalak, artistak, jatetxeak...
Iaz, 2014an, Eneko Atxa, Ramon Barea, Txomin Bereziartua, Jon Kortajarena eta Carmen Mijangos izan ziren sarituak.
Argazkia: www.deia.com