Espainiako Zigor Kodeari 18 aldiz aldaketak egin zaizkio 1975ean indarrean sartu zenetik, eta "izan dituen erreformei eta horien ondorioei buruzko informazioa ez dela gizarteratu", adierazi dute Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataforma osatzen duten 18 eragilek. "Eskubide Estatu serioa balitz hau Estatuko Segurtasun Indarrek eman behar lukete informazio hori", baina "ez da", esan du Carlos Hernandez plataformako ordezkariak. Horregatik, gizarteko eragile antolatuak izan dira herritarrengana zuzendu direnak, eta "Zigor Kodeak zein aldaketa izan dituen, aldaketek zein ondorio dituzten eta, ahal den neurrian, horien aurrean zelan defendatu" jendarteratu dutenak. "Balizko egoera errepresibo baten, norbanakoek dituzten eskubide eta betebeharrez jakitun izan daitezen".
Guía Antirepresiva hau kaleratzea beharrezkoa jotzen zuen Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak. Izan ere, Zigor Kodeak, Hiritarren Segurtasunerako Legeak eta Prozedura Kriminalaren Legeak "aldaketa garrantzitsuak" eragin dituzte 2015ean. Iñaki Carro plataformako kidearen arabera, erreforma horiek "Estatu osoan gizarte mugimenduak eta herritarren protestak kriminizalizatzea izan dute helburu". Carroren iritziz, egungoa "beste eredu errepresibo bat" da, aurrekoarekin alderatuz "ez oso desberdina", eta funtsezkoa da gizartea "kokatuta egotea". Batik bat, lehenago zigortzen ez ziren jarduerak orain zigortzen direlako. Esaterako, manifestazio baterako deia WhatsApp aplikazioaren bidez zabaltzea zigor daiteke egun.
Lege, betebehar eta eskubideei buruko informazioa emateaz gain, jendartean zabaldu diren uste okerrak zuzentzea da plataformaren xedea. Kasu argiena, polizien argazkiena da. "Ez da zuzena debekatuta dagoenik polizien argazkiak argitaratzea", Carlos Hernandezen arabera. Polizien eta euren hurbilekoen segurtasuna arriskuan dagoenean "soilik" zigortzen da argitarapena. Beste kasu batzutan, berriz, poliziei eginiko argazkiak "funtsezkoak dira herritarren eskubideak defendatzeko eta gehiegikeria polizialak salatzeko".
Eraginkorra, erabilgarria eta ulerterraza
Egoera errepresiboen aurrean tresna "eraginkorra" osatu dute eragileen hausnarketekin eta ekarpenekin. Gida erabilgarria eta ulerterraza. Edonoren eskura dagoena. Interneten doan deskarga daiteke antirrepresiva.info web gunean. Paperean bost eurotan eskuratu ahalko da.
Abenduaren 29an Zirika! herri gunean (Ronda 12) dagoen Herri Dendan aurkeztuko dute gida.