Sare: "Aktore politiko berriek eta betiko eragileek nabaritu behar dute herri honek harriak mugitu nahi dituela"

uriola.eus 2016ko urt. 7a, 13:28

48 ordu falta dira Bilbo eta Baionako kaleetan "dispertsioaren amaiera, preso gaixoen askatasuna eta salbuezpenezko legedia bertan behera uztea eskatzeko". Bi egunen faltan, Sare herritarrak neurri zorrotzak hartuko dituela iragarri du: manifestazioko gastuak ordaintzera "soilik" bideratuko den boluntarioek jasotako dirua bost pertsonak zainduko dute, "iazkoa errepika ez dadin". Izan ere, orden judizial baten ondorioz iazko manifestazioan bildutako dirua Guardia Zibilak konfiskatu zuen.

Gaur arte iraun duen "zulo ekonomikoa" eragin zion Sare herritarrari iazko manifestazioan bildutako dirua konfiskatzeak. "Kaltea", Sarek zein mobilizazion egon ziren enpresa guztiek pairatu dute. Manifestazioa bukatu eta 24 ordura Guardia Zibilak LABen Bilboko egoitzatik eraman zuen manifestazioko gastuak ordaintzera Sarek bideratu behar zuen dirua. Gaur Joseba Azkarragak gogoratu duenez, "bidegabea" eta "froga gabea" den erabaki judizial batean oinarrituako ekintza izan zen. Erabaki horren aurka Sarek aurkeztutako errekurtsoari oraindik orain "ez zaio erantzun", Azkarragak adierazi duenez. 

Horregatik, aurtengoan, "gaizki ulertuak ekiditeko" eta "iazkoa ez errepikatzeko" kuestazio "bakarra" egongo dela iragarri du Teresa Todak. Petoa jantzita duten Sarekide boluntarioek manifestazioko hainbat gunetan diru-poltsak izango dituzte herritarren ekarpenak jasotzeko. Todak argitu duenez, "beste edozein diru bilketa Saretik at dago". Manifestazio amaieran, poltsa horiek bost pertsona entzutetsuk zainduko dituzte "finantziazio erakundeetara eraman arte". Manifestazioaren antolaketak sortutako gastuen fakturak ere bost pertsona horiek kudeatuko dituzte. Lokarriko koordinatzaile ohi Paul Rios, Bizkaiko Abokatuen Kolegioko dekano ohi Nazario Oleaga eta Juan Mari Bidarte eta Juan Daniel Barandiaran eta Felix Cañada abokatuak dira pertsona horiek. Neurri "zorrotz" hauek egoera "ez normal" baten ondorio dira Azkarragaren hitzetan.

 

Manifestazio bakarra, pankarta bakarra, lelo bakarra

Urtarrilaren 9koa "azkenengo mobilizazioa" izatea espero du Sarek, "mendekua eta gorrotoa atzean geratuko diren seinale". Bitartean, "bizikidetzaren aldeko pausoak eskatzen dituen herri honekin zerikisurik ez duen jarrerak" salatzen jarrituko du. 

Helburutzat du Sarek giza eskubideen gaia abenduaren 20ko hauteskundeetatik irtendako "aktore politiko berrien mahaian jartzea". Baita "betiko eragileen" agendan ere: "Nabaritu behar dute, gertu gainera, herri honek harriak mugitu nahi dituela". 

Larunbatean ideologia desberdina duten pertsonak bildu nahi ditu Sare herritarrak Bilbon eta Baionan giza eskubideen defentsan. "Eta giza eskubideen defentsan sakondu nahi duten guzti-guztiek tokia dute larunbateko mobilizazioean". Todaren arabera, "nahiz eta alboan dagoenarekin bat ez egin, ezberdintasunak beste egun eta leku baterako utzi behar dira". Horrela jokatzeko prest daudenak "elkarguneko pertsonak" dira. Besteak beste, Rosa Rodero, Iñaki Lasagabaster, Fermin Muguruza, Juan Mari Olano, Gemma Zabaleta edota Inaxio Kortabarriak babestu dute larunbateko deialdia. Horiek izango dira pankarta eusten parte hartuko duten lagunetako batzuk.

Larunbatean 17:00etan La Casillatik Udaletxera abiatuko den manifestazioan lelo komun batek batuko ditu manifestariak: 'Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde. Euskal presoak Euskal Herrira'. Hortaz, iazko ibilbide eta formatu aldaketaren ondoren, eredu klasikoa berreskuratuko du martxak. "Manifestazio bakarra, pankarta bakarra, lelo bakarra izango da", zehaztu du Teresa Todak. Amaieran, Udaletxean, Zuriñe Hidalgo eta Xabier Eguzkitzek zuzenduko dute ekitaldia. Bertan parte hartuko dute zenbait musika taldek eta kirolarik ere. 

Goizetik eta manifestazioa hasi arte, Bilboko kaleetan trikitilariak, txistulariak eta batukada taldeak arituko dira giro berotzen.

Bestalde, Areatzan jarriko den karpan eta manifestazioko ibilbidean zehar kokatuko diren informazio guneetan salgai izango da Sare herritarraren materiala.

  

[2016-01-07] Urruntasunari kilometroak kentzeko prest

[2016-01-07] "Herri honek presoen eskubideen alorrean harriak mugitu nahi dituela nabaritu behar dute"

[2016-01-05] Terrorismoaren Biktimak Babesteko Elkarteak Bilboko martxa debekatzeko eskatu du