Larunbatean, Sarek Bilbon eta Baionan deitutako manifestazioekin bat eginez, Lasterbidean ekimenaren edizio berri bat egingo da Bilbon, euskal preso eta iheslarien oinarrizko eskubideen defentsan. Antolatzaileen esanetan, "jendartearen gehiengoak dispertsioaren bukaera exijitzen du eta guztion ahaleginarekin" helburu hori lortzea espero dute. Beraz, larunbateko hitzorduaren bidez, "urruntasunari kilometroak kentzeko prest" agertu dira.
Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 15:00etara, Areatzeko kioskoaren ondora hurbiltzeko deia luzatu diete korrikalariei, izan ere, "bertara hurbiltzen diren norbanako guztien lasterketa pausoekin" dispertsioari kilometroak kentzea bilatzen baitute. Helburua lortzeko korrika egiteko zinta elektrikoak jarriko dituzte, eta bertaratzen diren herritarrek horietan ibili beharko dira.