Dueñasetik Zabalburura

Jexuxmari Zalakain 2016ko urt. 11a, 16:18

Argazkia: Ekinklik Argazkiak ‏@Ekinklik

Dueñaseko ziega utzi eta hiru hilabetera Bilboko manifestazioan parte hartzea egokitu zait, aspaldiko partez. Prentsatik ezagutzen nuena zuzenean ikusteko parada izan dut. Gernikako lagun batek bezperan esan zidan: aurtengo ekitaldiaren parte pozgarriena da zu bertan egongo zarela. Niretzat halaxe izan da, noski: pozgarria eta hunkigarria.

Ostiral gauean hasi nintzen prestaketa-lanean edo, izan ere hileko manifa zen Santutxun, eta ondoren kantuan ibili ginen auzoan. Hortxe hasi zen nere garuna martxan: herri honek, hainbeste sufritu arren, kantuan segitzeko erraiak ditu. Bertan zen Mirentxin granate bat, bertoko presoak zein urrun dauden adierazteko, eta pentsatu nuen beharbada iaz nire izena azalduko zela haren karrozerian, nahiz eta gu oso urrrun ez garen egon, Gaztelako Palentzian. Beroketa-lana borobiltzeko nire etxean hartu nituen Galizatik Sareko manifara etorritako bi gazte solidario, eta euren bandera zuri-urdin izar gorriduna eta txapak utzi zizkidaten, nola edo hala esateko “gu ere bagabiltza, zuen antzera”.

Eguna dastatzeko asmo osoa neukanez Areatza-Zazpikaleetan barrena ibili nintzen lagunekin, zentzumen guztiak pizturik, han-hemenka hainbat jende agurtuz: ikastola garaiko ikasle batzuk, ni baino dezente urte gehiago preso izandako zenbait, argazkitik ezagutzen omen ninduten beste hainbat.

Zabalbururaino eraman gintuen jendoldeak, aurrerago ezinik. Lasai asko nenbilen “euskal presoak etxera”, “presoak etxera, amnistia osoa” eta gisa horreetako leloak errepikatuz, harik eta senideak iritsi ziren arte. Bat-batean nire eztarria itxi egin zen, nire ahotsak ez zeukan soinurik ez doinurik, nahi arren ezin nuen deus oihukatu: gizon-emakume xahar, higatuak, gazte eta haur maitagarrriak, zapia eskuetan, urtean zehar milaka kilometro egin ondoren, gure omenaldia jasotzen ikusita, malkoak besterik ez neuzkan, hitzik ez. Bejondeizuela!!

Gero pankarta iritsi zen, eta ospeko jendea. Nire artean nioen: zein gustora egiten ditugun ospetsu, kostata eta dozenaka urte beranduago guregana hurbiltzen den jendea; zein beharrezkoak ditugun esku guztiak harritzarrari bultza egiteko, inori galdetu barik orain arte non demontre egon den; beretik dena emandakoek, berriz, zein dotore eta eskuzabal baztertzen diren orain beste batzuei lekua eta loria uzteko.  Zelako herri bikaina dugun, daukana baino askoz gehiago merezi duena: erabateko askatasuna.

Baina presoek preso eta iheslariek sasian jarraitzen dute jendoldea etxeratu denean, etxeratu garenean. Noiz arte? Batek daki. Eskuak jaisten ez ditugun bitartean esperantzarik badago. Eta hala ere inork ez daki noiz eta nola bukatuko den arazo hau. Beraz, niri ez galdetu zein den estrategiarik onena. Ondo pentsatu eta zintzoki  praktikan jartzea, ukalondoka ibili ordez. Beharbada hori besterik ez.

 

Testua: Jexuxmari Zalakain

Argazkia: Ekinklik Argazkiak@Ekinklik

[2016-01-11] Bilbon eta Baionan bildutako indar soziala sostengatu eta bideratzeko trena abian jarri du Sarek

[2016-01-11] Jendetza bildu da Bilbon eta Baionan dispertsioarekin amaitzeko eskatuz

[2016-01-07] Sare: "Aktore politiko berriek eta betiko eragileek nabaritu behar dute herri honek harriak mugitu nahi dituela"

[2016-01-07] Urruntasunari kilometroak kentzeko prest

[2016-01-07] "Herri honek presoen eskubideen alorrean harriak mugitu nahi dituela nabaritu behar dute"

[2016-01-05] Terrorismoaren Biktimak Babesteko Elkarteak Bilboko martxa debekatzeko eskatu du