Urtebeteko espetxe-zigorra ezarri diote bilbotar bati Twitterren "ETA justifikatzeagatik"

uriola.eus 2016ko urt. 13a, 08:30

Auzitegi Nazionalean epaiketa abiatu aurretik, Ibai Otxoa gazteak akordioa lortu du fiskalarekin. Urte eta erdiko kartzela-zigorra ezartzea eskatzen zuen fiskalak hasieran. Horrela, leporatu dizkioten ekintzak onartu ditu akusatuak, eta urtebeteko kartzela-zigorra onartu du. Zazpi hilabeteko erabateko gaitasungabetzea ere ezarri diote.

Twitterren terrorismoa goratzea egotzita, urtebeteko kartzela-zigorra ezarri diote, Auzitegi Nazionalean, Ibai Otxoa gazte bilbotarrari. Txioen bidez, "ETA justifikatzea, ETAren biktimak umiliatzea, indarkeria sustatzea eta Cristina infantari mehatxu egitea" leporatu dio epaileak.

Kepa Landa defentsaren abokatuak zigorra bertan behera uztea eskatu du, Zigor Kodearen 82. artikuluan oinarrituta; besteak beste, akusatuak aurrekaririk ez duela defendatu du.

Zigorra baliogabetzeko eskaria ontzat eman du fiskalak, eta datozen egunotan ebatziko du epaileak horren inguruan.

Iturria: www.eitb.eus