Bilbok eta Bizkaiak sustapen presentzia nabarmena daukate Europako merkatu finkatuetan, besteak beste, Erresuma Batuan, Alemanian edota Italian; horrez gain, aurten ere estrategikotzat jo dira Europa iparraldeko herrialdeak eta Estatu Batuak, nazioarte mailako eskaeran gorakada bat izan baitute.
Hitzorduen, biltzarren eta pizgarrien antolaketan Bilbo-Bizkaiaren gaitasunaren eta erakargarritasunaren jakitun izanik, bi erakundeek indartu egin dute sektore horretako azoka eta jardunaldietan duten presentzia. Horren haritik, nabarmendu behar da lehen aldiz izango direla 'World Wide Events' entitateak Dubain eta Phoenixen -Estatu Batuak- antolatutako 'M&IForum' topaketetan. Azkenik, merkatu britainiar, iparramerikar, belgikar eta nederlandarrerako 'Spain Convention Bureauk' antolatutako hainbat merkaturatze jardunalditan ere presente egongo da hiria.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak merkatu asiarra ere jomugan jarri dute eta Cannesko luxuzko merkatuaren hitzordu tradizionalari beste zita batzuk ere gehitu zaizkio, hain zuzen ere, Tokion, Sao Paulon eta Shanghain.
Aurten, 'Bilbao Bizkaia Action Group' egitasmoa ere martxan jarriko du; tresna berri honetan sektore publikoak eta pribatuak lankidetzan jardungo dute, eta hirian eta lurraldean turismoaren sektorea bultzatzeko ekimenak garatzeko eta horren inguruan kontsultatzeko elementu gisa funtzionatuko du.