Alde Zaharrean jarduera ekonomikoa arautu eta mugatze bidean

uriola.eus 2016ko urt. 14a, 10:36

Argazkia: Gora Somera

Ostalaritzako lokal berrietarako lizentziak emateko etenaldiarekin batera, Alde Zaharreko merkataritzako erabileren eta jardueren dentsitateari buruzko eremuz eremuko azterketa xehea egiten ari da Bilboko Udala. Azterketa horretan oinarrituta, egungo araudia aldatzeko proposamen batzuk plazaratu zituzten atzo udal ordezkariek. Besteak beste, hainbat kale eta plazetan ostalaritzako saltoki gehiago ez zabaltzea eta beste gune batzutan saltokien artean gutxiengo distantzia gordetzea. Araudi berritua udan, Osoko Bilkuran, onartzea aurreikusten du Udalak. 

Gogoetaldia hasitakoan, Bilboko Udalaren Hiri Plangintza Sailak, Surbisarekin batera, Alde Zaharreko eremu osoko -baina batez ere erdiguneko- jardueren ezarpenari buruzko azterketa xehea egin du azken hilabeteotan, esku hartu beharreko hainbat eremu mugatuta, haien ezaugarrien eta jarduera-mota nagusiaren arabera.

Eremu horiek ezaugarriak kontuan hartuta ezarri dira, alde batetik Alde Zaharreko merkataritza-eredurako kaltegarriak izan daitekeen ostalaritzako saltokien kontzentrazio handieneko kaleak eta, bestetik, oraindik jarduera komertziala nagusia duten eremuak. Hala, Askao-Artekale, Posta-Dendarikale eta Bidebarrieta-Arategizar kaleetako ardatzetan jarduera komertziala oraindik nagusia dela ikusi da.

Gehienezko dentsitateak eta distantziak

Hartara, azterketa horretan oinarrituta, gehienezko dentsitateak zehaztu dira 100 metroko dagoen saltoki-kopuruaren ratioen eta horietako bakoitzerako ehuneko egokiaren arabera. Gainera, honako erabilera-motak aztertu dira: arreta pertsonalizatua edo autozerbitzuko elikagaien salmenta (supermerkatuak, eta bazarrak orokorrean); ostalaritza; moda; estetika eta osasun-zentroak; jokoa eta aisiakoak; eta bankuak eta aseguru-agentziak.

Horren ondorioz, hirigintza-arloko araudi berrian honako saltoki-motak ezartzeko elkarren arteko distantziak errespetatzeko eskakizuna ezarriko da: ostalaritza (alkoholaren salmenta debekatuta duten I Taldeko ostalaritzako saltokiak salbu, esate baterako, dastalekuak, zuku-dendak, izozkidendak eta II-R Taldekoak -barra bako jatetxeak eta txokoak); kreditu-erakundeak eta aseguru-agentziak; jokoari eta aisialdiari lotutako jarduerak; eta autozerbitzuaren erregimeneko elikagaien salmenta.

Erabilera horiek dituzten mota bereko saltokien arteko distantzia eduki beharra eremu bakoitzean horrelako negozioen dentsitatearen araberakoa izango da. Gutxieneko tarte hori 25 edo 40 metrokoa izan daiteke, ostalaritzaren kasuan.

Ostalaritzako negozio berririk ez

Gainera, dentsitate baldintza berriak aplikatzearen ondorioz, hainbat kaletan murriztapen espezifikoak ezarri dira, eta ez dute utziko ostalaritzako lokalik irekitzen -alkoholaren salmenta debekatuta dutenak, barra bako jatetxeak eta txokoak salbu- horien dentsitate handia dela eta.

Hala egingo da hurrengo kaleetan:

Erribera, kale Barria, Jardines, Santamaria, Mesedeetako kalea, Pilota, Txakur kalea, Torre, Barrenkale eta Barrenkale Barrena -Erribera 2. eremuan daudenak-. Horietan, ostalaritzakoak dira lokalen %40a baino gehiago dira.

Erronda, Goienkale-Somera, Maria Muñoz, Iturribide eta Prim -Somera-Prim 3. eremuan daudenak-. Horietan, kontzentrazioa guztizkoaren %40aren ingurukoa da.

Esperantza eta Zingirakale, Ernesto Erkoreka plazaren ondoan –Esperantza-Zingirakale 4. eremua, %33koa baino gehiagoko kontzentrazioa duena.

Araudi berriren ondorioz, Alde Zaharreko beste eremu batzuetara lekuz aldatzeko baimena egongo da -lizentziari uko eginda-, azken hauetan indarreko distantzien eskakizunak bete gabe egonda ere, erabileren arteko oreka handiagoa sustatzeko.

Lau espazio berezi 

Hala, azterketa honetan lau espazio berezi ezarri dira, haien aparteko ezaugarriengatik ostalaritzako lokalen dentsitate handiagoa eduki lezaketenak: Plaza Barria; Unamuno plaza; Martzanako kaia; eta Naxa.

Hala ere, bai Plaza Barrian bai Unamuno plazan gaur egun ostalaritzako saltoki ugari dago –lehenengoan %66 baino gehiago eta bigarrenean %45 baino gehiago-. Hori dela eta, ostalaritzako negozio berriak bertan edukitzeko modurik ez duela kontuan hartzen da eta ez da horrelako lokal berriak irekitzeko baimenik emango.

Bestalde, ostalaritzako saltokiak ezin izango dira ireki haien aurrealdeak 5 metro baino gutxiagoko altuera duten kaleetara jotzen duenean. Gainera, Alde Zaharreko Errehabilitazio Plan Bereziaren barruan, terrazak arautzeko irizpideak aztertuko dituzte.

Gehienezko dentsitate baldintza hauek eta distantzia baldintza betetzea, aurrerago aipatutako erabilerak ere aintzat hartzen ditu (elikadura, supermerkatuak eta bazarrak, jokoak, banku-agentziak eta seguru-konpainiak). Gauzak honela, araudi berriak, jasotzeko gaitasuna agortuta duten zonalde edo eremuetara so egiten die. 

Udan araudi berriaren onarpena

Atzo Bilboko Udalaren Plangintzarako Aholku Batzordearen aurrean aurkeztutako araudiaren aldaketa ingurumenaren iraunkortasuna eta hiria berroneratzea irizpidetzat hartuta egin da. Urtearen erdian Bilboko Udalaren Osoko Bilkuran behin betiko onartzea aurreikusi da. 

"Premiazkoa da" Ledesma eta ingurua ere arautzea EH Bilduren esanetan

2012. urtetik auzotarrak, ostalariak, merkatariak eta EH Bilduk plazaratu dituzten eskakizunak jaso zituen atzokoan Aburtoren gobernuak. Beranduegi, baina, EH Bilduko eledun Aitziber Ibaibarriagaren esanetan: "EAJren politiken ondorioz, zoritxarrez, berreskuraezinak diren merkataritza guneak daude Alde Zaharrean". 

Hain zuzen ere, Zazpikaletan "gertatu den gauza berbera beste gune batzutan ez errepikatzeko", Ibaibarriagak "premiazkotzat" jotzen du Ledesma kalean eta inguruetan ostalaritza jarduera arautzea.