Red Bullek 'Flying Bach' ikuskizuna aurkeztuko du Bilbon

uriola.eus 2016ko urt. 25a, 09:00

Red Bull Bilbora itzuliko da. Oraingoan, hitzordua Flying Bach dantza-ikuskizuna izango da, munduan bakarra dena. Ikuskizun horretan arte modernoa eta klasikoa nahasten dira eta dantzak breakdancearekin bat egiten du. Irailaren 17an eta 18an, Euskalduna Jauregiak obra paregabe bat hartuko du, non nazioarteko dantzari ospetsuek pausu, bira eta mugimendu ikusgarrienak erakutsiko dituzten; hori guztia Johann Sebastian Bach konpositore alemanaren musikarekin.

Red Bull Flying Bach ikuskizuna lehenengo aldiz aurkeztuko da Euskal Herrian (eta estatuan), 2015ean 28 herrialdetan arrakasta handia lortu ostean eta 370.000 ikusleren txaloak jaso ondoren.

Azken bi urteetan, Bilbao-Bizkaia markaren bultzatzaile den Bizkaiko hiriburua Red Bull Cliff Diving kirol-ekitaldiaren egoitza izan da; ekitaldiaren agertokia Salbeko zubia izan da, ibaiaren gainetik 27 metroko erortze librea duena. Azken deialdian munduko jauzilaririk onenak etorri ziren Bilbora, eta 2015eko Jauzien Final Nagusian parte hartu zuten; hain zuzen ere, Gary Huntek irabazi zuen finala.

Aukera berriak

Arduradunek azaldu duten bezala, Red Bull eta hiriaren arteko aliantzak aukera berriak bilatu nahi ditu kulturaren alorrean; horrela, hirugarren urtez jarraian, Bilbon eta Bizkaian lehen mailako ekitaldi bat egotea bermatuko da, izen handiko marka baten zigiluarekin, nazioarteko aintzatespena eta etorkizun handia eskaintzen dituena.

Red Bull Flying Bach ikuskizunaren lehenengo emanaldia 2011n izan zen, eta o Bilbo ikuskizunaren indarrarekin eta erakarpenarekin liluratuta dauden hirien zerrenda luzean sartu da. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Berlin, Brusela, Viena, Stockholm, Mosku, Praga, Zürich, Oslo, Kopenhage, Singapur, Baku, Doha, Dubai, Tokio, Beirut, Istanbul, Santiago, Chicago, Montreal, Toronto, Auckland, Melbourne, Canberra edo Sydney.  Kasu guztietan, ikuskizunak publiko gogotsua erakarri du; izan ere, ikuskizun paregabe batez gozatu dute, kaleko artea eta efektu bisual abangoardistenak XVIII. mendeko soinuen gustura hurbiltzen dituena, Johann Sebastian Bach musikariak sortutakoak.

'Echo Klassik' saria

Flying Steps taldeko breakdance dantzaririk onenek hartzen dute parte Flying Bach ikuskizunean; izan ere, Flying Steps dantza-konpainian munduko dantzaririk onenak daude, eta Berlinen duten eskola batean prestatzen dituzte.

2016ko biran, ikuskizuna Madrilera joango da eta emanaldia Teatro Nuevo Alcala antzokian eskainiko da, irailaren 9an eta 10ean.

Red Bull Flying Bach ikuskizunak, besteak beste, Echo Klassik saria jaso du, musika klasikoaren alorrean dagoen saririk ospetsuenetariko bat. Horrez gain, dantzariak lau aldiz izan dira breakdanceko munduko txapeldunak. Zalantzarik gabe, egiaztagiri onak dira Red Bull ekitaldien kalitatea eta erakarpena Bilbora ekarriko dituen ikuskizun batentzat.

Sarrerak 25 eta 40 euro artean erosi ahalko dira otsailaren 16tik aurrera.