Pilota festa arratsaldean Miribillan

uriola.eus 2016ko urt. 29a, 08:00

Gaur, ostirala, pilota eta musika uztartuko dira Bizkaia frontoian. Izan ere, Binakako Pilota Txapelketako partiduaren aurretik, Oihan Vegaren saioak hartuko du lekua han. Ondoren, Bengoetxea-Untoria / Victor-Beroiz bikoteak izango dira protagonista.

Arratsaldean pilota partidu garrantzitsua hartuko du Bilboko Bizkaia frontoiak. Binakako Txapelketaren baitan, Bengoetxeak eta Untoriak jokatuko dute, Victor eta Beroizen aurka.

Une honetan sailkapenaren azken postuan daude Beroiz eta debuta egin berri duen Victor pilotari errioxarra, baina gogotsu aterako dira frontoira bosgarren sailkatuen kontrako partiduan puntu bat lortzeko asmoz.

Pilotak ez ezik, musikak ere izango du lekurik ostiraleko norgehiagokan. Izan ere, partiduari hasiera eman aurretik, 20:30 aldera, Oihan Vegaren musikak girotuko du frontoia. Gazteako disko-jartzaile ezagunak moda-modako kantuak taularatuko ditu bertantxe, gazteen artean giroa sortzeko helburuarekin.

 

Iturria: www.eitb.eus