Correscales

Kolektibotasunetik duintasuna eta eskubideak aldarrikatuko dituen martxa

uriola.eus 2016ko urt. 27a, 13:46

Movistarrentzat lan egiten duten teknikarien baldintzak hobetu diren arren, iaz burutu zuten bi hile luzeko grebaren ondoren adostutako akordioeri esker, ez Bilbon ez Bartzelonan langile horiek ez dute prekaritatea egunerokotasunetik baztertzea lortu. Horregatik erabaki dute jendarteari dei egitea eta kolektibotasunetik duintasuna eta eskubideak aldarrikatzea. Helburu horixe du gaur aurkeztu duten Correscales ekimenak.

'Marea urdina' izena eman zitzaion Movistarrek kontratatutako eta azpikontratatutako enpresetako langileek eta autonomoek pairatzen zuten "prekaritate politiken aurka" iaz Bizkaian, Gipuzkoan edota Katalunian bi hilabete luzez burutu zuten grebari eta greba hark gizarteko eragileen artean eragin zuen elkartasun adierazpenari.

Orduko lorpenak, baina, txikiak dira; ez dira nahikoa. "Gutxieneko hobekuntza batzuk" izan dira Bizkaiko Marea Urdineko eledun Alaik gaur Hika Ateneoko agerraldian adierazi duenez. Bartzelonan Movistarrek "zerrenda beltzak" osatu ditu eta 60 behargin baino gehiago kaleratu ditu estatuko greba komitearen arabera.

Horregatik diote "borroka ez dela amaitu". Horregatik erabaki dute Correscales ekimena abian jartzea. "Europako bigarren errelebo-lasterketarik luzeena" eta "egungo elkartasun proiekturik handiena". Bilbo eta Bartzelona lotuko dituen "prekaritatearen aurkako martxa", alegia. Otsailaren 18an abiatuko da Bilbotik, "akordio gehien lortu den hiritik", eta 800 kilometroren ostean, otsailaren 22an, Bartzelonan izango du helmuga, Mobile World Congress azokarekin bat. Ez da kasualitatea. Kongresuan parte hartuko duten enpresei mezua helarazi nahi diete. "Teknologia enpresa aurreratuenek prekaritatearen eskailerak oinarri dituztela" salatzea dute xede.

Correscales ekimenean parte hartzeko deia zabaldu dute gaur Bilbon Movisterreko teknikariek, "prekarietateak hamaika aurpegi baititu", eta prekarietatea baita herritarren "gehiengoaren egoera". Borroka horretan, kolektibotasunetik eta elkartasunetik erantzun bateratua emateko beharra azpimarratu dute. "Elkar babestea eta parte-hartzea" funtsezko ekintzak direla aipatu du Bartzelonan teknikarien greba sostengatu zuen 80 bat elkarteren izenean Quimek.

 

Jomugan 150.000 euroren bilketa

Iazko grebak eragindako kalteak eta zorrak kitatzeko Goteo plataforman diru bilketa jarri zuten martxan Movistarreko teknikoek eta hainbat gizarte eragilek elkarlanean. 35 egunetan 100.000 euro batzea lortu dute. Pozik agertu dira gaur lorpenarekin. "Inoiz ez dute hainbeste elkartek hainbeste diru bildu hain denbora gutxian", eman du jakitera Quimek. Jomuga 150.000 eurotan dute. Kopuru horrekin kutxa komun bat sortuko dute "inoiz grebarako aukera bazter ez dadin eskubideen eta duintasunaren aldeko borrokan".  

 

800 kilometro egiteko 80 korrikalari

Egun eta gau korrika arituko dira lau egunez 80 korrikalari Bilbo eta Bartzelona arteko 800 kilometro egiteraino. Hamar kilometroro txandatuko dira lasterkariak. Correscalesek hasiera Bilboko Buenos Aires kaleko Movistar dendan izango du otsailaren 18an, 18:30ean. Basaurira arteko kilometroak, "manifestazio" formatuan, erreleboka egingo dituzte gizarte eragileetako ordezkariek. Basauritik aurrera abiadura bizkortuko du martxak.

Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Huesca, Lleida, Tarragona eta Bartzelonatik pasako da Correscales. Ibilbidean zehar zapalduko dituen hainbat herritan jarduerak antolatuko dituzte. Besteak bestek, hitzaldiak edota manifestazioak.

eu.goteo.org/project/correscales

@korrikaprekario

@correscales2016

[2016-01-20] Movistarreko langileek 'Correscales 2016' lasterketa abian jarriko dute prekarietatea salatzeko