2016-2019 aldirako Auzokide Planaren bitartez, Barruti bakoitzak 6 milioi euro jasoko ditu hurrengo 4 urteetan, auzoetan lehenetsitako eta adostutako obretan inbertitzeko. Hurrengo aste bietan, bilbotarrek auzoak hobetzeari begira haien ekarpen zein proposamenak luzatzeko aukera izango dute. Hala, otsailean Barrutiko Udal Kontseiluetan lehenesteko prozesuan eztabaidatuko dira.
Auzokide Planaren laugarren edizioarekin, Udalak Bilbo eta bere auzoak berroneratzeko eta etengabe hobetzeko erronkari eutsi nahi dio, modu ireki, garden eta parte hartzailearen bitartez, auzoetatik abiatuta. Horretarako, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publiko Sailak barruti bakoitzean lan eremuak adostuko ditu, parte hartu nahi duten pertsona guztien proposamenetan oinarrituta.
Gardentasuna eta parte hartzea hobetzea
Bilboko Udalak Auzokide Planaren izaera parte hartzaile, ireki eta gardena gehiago sustatu nahi du. Horregatik, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publiko Sailak hobetzeko hainbat konpromiso bere gain hartu ditu, bai proposamenak biltzeko, bai horien jarraipena egiteko:
- Proposamenak biltzea
Ezarritako baliabideen bitartez (Erregistroak, Posta Elektronikoa, Barrutiko Kontseilua) erantzungo dio Udalak hobetzeko proposamenetan parte hartzen duen pertsona bakoitzari. Halaber, Auzokide Plana indarrean indarrean egongo den bitartean, proposamenak jasotzeko bideak irekita mantenduko ditu, horiek ebaluatu eta erantzuteko.
Bestetik, proiektu batean hala egin behar denean, zuzenean parte hartzeko prozesuak irekiko dira, Barrutiko Kontseiluetako Lan Batzordeen jardueraren osagarria izanik. Gainera, Parte hartzeko mekanismoak antolatuko dira jarduerak egin bitartean, hobekuntzak, iradokizunak eta kexak guri helarazteko, bai aurrez aurre, bai lekuan bertan edo Komunikatzeko beste bide batzuez baliatuta.
- Proposamenen jarraipena
Auzokide Planaren izaera irekia finkatzeko eta Udala etengabe agertzen diren beharrizanei egokitu ahal izateko, Barrutiko Kontseilu bakoitzean lehentasuna duten lanak ebaluatuko ditu, lehenengo urte biak igarotakoan. Urtean behin, Auzokide Planaren garapenari buruzko txostena egingo dute, amaitutako urtean egindako jardueren egoera eta argazkiak bilduta. Halaber, urtean bitan, urtarrilean eta irailean, Barruti bakoitzeko Lan Batzordean Auzokide Planaren barruan Barrutian egindako inbertsioen egoera aurkeztuko da. Barrutiko Kontseiluen Lan Batzordeetan, Auzokide Planaren barruan aldi horretarako barne hartutako jarduerak -amaituak eta burutu gabeak- gauzatzeko egoerari buruzko txostena urtean bitan ere aurkeztuko da.
2016-2019 aldirako Auzokide Plana
Auzokide Plana herritarrek parte hartzeko udal tresna nagusietakoa da, izan ere, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publiko Sailaren jarduerarako funtsezko tresna osatzen du.
Auzokide Planaren proposamenak aurkezteko orain arte burututako lan bileretan, guztira 136 jarduera eremu sartu dira horietan iruzkinak eta ekarpenak egiteko. Gainera, orain arte kontuan hartu ez diren beste eremu batzuk sartu daitezke. Jarduera-eremuak www.bilbao.eus webgunean agertzen dira argitaratuta.
Hasierako dokumentu hau parte-hartzeari irekita dago. Honekin, espazio publikoaren alorrean auzoak hobetzeko herritarrek egindako eskariak sailkatuta bildu nahi dira: urbanizatzeko lanak; irisgarritasuna hobetzea; egoteko eremuak; parkeak; argiteria; hiriko altzariak... Hala, aztertu eta zerrendatuko dira hurrengo lau urteetan landu beharreko eremuak.
Aurrekontua Bilboko 8 barrutien artean banatuko da, barruti eta urte bakoitzeko 1,5 milioi euro bideratuta. 48 milioi euroko inbertsioa eragingo du lau urteko epean. Gainera, herritarrek nahiz eragile politiko eta sozialek Bilboko Barrutiko Kontseiluen bidez lehenetsitako obrak eta jarduerak burutuko dira.
Barrutiko Kontseiluak, hau da, auzokoek eta udal ordezkaritza duten alderdi politikoek, Bilboko auzoak hobetzeari begira lau urteko planean sartzeko proposamen ugari aurkezten dituzte.
Parte hartzeko bideak. Proposamenak eta iruzkinak.
• Barrutiko Kontseiluen bileretan parte hartzearen bidez.
• Herritarrek Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publiko Sailaren iradokizunak eginda.
- www.bilbao.eus Udal Webgunearen bitartez, 'Zure Udalak aditzen dizu' Postontzian.
- 010 udal informazio-telefonoa.
- Zerbitzuaren helbide elektronikoa: auzokide@bilbao.eus
- Udalaren Erregistroko bulegoak.