Atzo amaitu ziren 'Kartzela kalera! Emakumea eta kartzela' jardunaldiak Bilboko Guggenheim museoan. Eguerdiko ordu batean hasita, areto nagusia jendez gainezka zegoen Angela Davisen hitzak entzuko gogotsu. Beste bi egunetan ez bezala, atzoko ekitaldiaren egitura galdera-erantzunetan oinarritu zen. Angela eszenatokiaren ezkerraldean kokatuta, hainbat galdera ezberdin egin zizkioten ordu bat eta erdiko saioan hiru hizlarik (Maider Eizmendi, Laura Mintegi eta David Fernandez) zein publikoak. Besteak beste, feminismoa, internazionalismoa edota prostituzioaren inguruan aritu zen hitz egiten.
Indarkeriarik gabeko gizarte baten garrantziaz hitz egin zuen Angelak, autodefentsaren indarra ahaztu gabe. "Eraikiko dugun mundu berrian emakumeek beldurrik ez izatearen" hautua egin zuen, itxaropentsu. Bestalde, "internazionalismo" hitza batetik bestera aritu zen bere ahoan "ezinbesteko tresna" modura deskribatu zuen aktibistak, "mugen gainetik mundu berri honen eraikitze-prozesuaren baitan herrien arteko loturak sendotzeko" beharrezkoa dela azalduz.