Praktikak egitera sartuko diren ikasleentzat harrera-protokoloa jarriko dute martxan

uriola.eus 2016ko ots. 8a, 10:34

LAB, Ernai eta Ikasle Abertzaleak-ek Lanbide Heziketako praktiketan gazteen eskubideak bermatzeko martxan jarritako kanpaina aurkeztu dute. 'Altxa!' lelopean, esplotazioarekin amaitzeko aldarrikapena egin zuten elkarlana eta indarren batzea beharrezkoak direla aipatuz. 

Aurreko ostiralean emandako prentsaurrekoan, hainbat gaztek euren eskubideak aldarrikatzeko hautua egin zuten lan munduan. Gazteek egindako deiaren arabera  "gazteei eskaintzen zaien enplegua aldibaterakoa eta prekarioa da, askotan lan kontraturik gabe, segurtasuna neurririk gabe eta soldata miserableekin lan egitera behartuak daude, eta gainera langabeziak bortizki kolpatzen ditu".

Bestalde, elkarlana beharrezkoa dela azaldu dute, Ernai-k "praktikak ikasteko direla eta ez esplotatzeko” adierazi du. Horregatik, hiru eragileen indarrak elkartuz hainbat neurri har daitezela aldarrikatuko dute, praktikak duindu eta hezkuntza patronalaren eta esku pribatuen logikaren arabera baino gazte eta langileen mesedetara jar dadin. Martxan jarriko duten protokoloaz gainera, ikasleei, formulario baten bidez, praktiketako enpresak ebaluatzeko aukera emango zaiela adierazi dute. Bertan ikasleek formazio helburuak bete diren, segurtasun neurriak bermatu diren, praktikak euskaraz garatzeko eskubidea izan duten,... baloratuko da. Balorazio honetatik enpresa beltzen zerrenda osatuko da.