Bilboko Udalak prestatu eta azaroaren 24ko Udalbatzarrak onartutako Jokabideari, Gobernu Onari eta Kalitate Instituzionalarekiko Konpromisoari buruzko Kodeak pauso berriak eman ditu oraingoan, udal administrazioko ia kide guztiek banan-banan izenpetu eta kodeareko atxikimendua erakutsi ondoren.
Orain arte, Bilboko Udaleko alderdi politiko guztien zinegotziek nahiz udal enpresetako zuzendari eta arduradunek izenpetu dute dokumentua, EH Bilduk izan ezik –iragarrita zuen bezala–.
Talde politikoen aldetik, banaka izenpetu dute gobernu-taldeko alderdiek -EAJ/PNV eta PSE- eta oposiziokoek -PP, Udalberri-Bilbao en Común eta Goazen Bilbao-. Izan ere, gobernu taldeak eta udal sozietateetako zuzendaritzako kideek eta arduradunek derrigorrez sinatu dute. Borondatezkoa izan da gainerako taldeentzat.
Hain zuzen ere, kode honetako berrikuntzetako bat da atxikimenduak banaka izenpetzea. Hala, testu honetako printzipioak bete ezean, Udaleko ordezkarien esanetan, "betebehar handiak bereganatzen dira tramite honen bitartez". Horregatik ez da printzipioen dokumentu luzea prestatu eta, horren ordez, "zentzuzko argudio eta azalpen errazak dituen kodea egin da, atxikimendua errazteko".
Kodearen edukian, besteak beste, jokabidearen printzipio orokorren eta estandarren zerrenda bat dago. Horrez gain, Gobernu Onaren Printzipioei buruzko beste atalburu batzuk eta Gobernu Taldearen Ordezkari politikoen nahiz Udal Gobernukide ez diren talde politikoen erantzukizunak eta konpromisoak agertzen dira.
Kode irekia
Berritasunen artean, "kode irekia" dela nabarmendu du Udalak, eta edukiak "aldizka berrikusi eta esakuneak hobetuz joango dira". Bestetik, "gizartearen bilakaerak eta eskakizunek egoki deritzeten jokabideak sartzeko asmoa dago, herritarrek Udalean duten konfiantza sendotzeko".
Gainera, Etika eta Gobernu Onaren Batzordea dauka berritasun gisa. Organo honen kideak otsailaren amaieran izendatuko dituzte. Batzorde hau kodearen koordinazioaz eta jarraipenaz arduratuko da eta haren edukia betearaztea nahiz hura ez betetzearen ondorioak zehaztea bermatuko du.
Kode berriak Bilboko Udalaren arduradun publikoen eta zuzendaritzakideen jarduera bideratuko du honako agintaldian. Hura egiteko aurretik dauden beste testu batzuk erabili dira, esate baterako, hurrengo erakundeek prestatutakoak: EUDEL, FEMP eta Eusko Jaurlaritza.
Bere xedea "zintzotasunaren bitartez jokabide eredugarria sustatzea da". Horretako, "erakundearen irudia zaindu, haren eraginkortasuna handitu eta herritarrek Udalean duten konfiantza ez murriztea bermatu behar da", Udalaren hitzetan.