Bilbobusek 2015ean 50.000 bidaiari gehiago izan ditu

uriola.eus 2016ko ots. 12a, 09:48

Gero eta gehiago dira euren joan-etorrietarako Bilbobusa erabiltzen dutenak. Hori da 2015eko datuetatik atera ahal izan den ondorioa. 26 miliotik gora pertsonak erabili zuten zerbitzu hau iaz, hau da, aurreko urtean baino 50.000 bidaiari gehiagok. 

Erabilitako lineei buruz, 2014koen antzekoak dira. 77 eta 56. lineak izan dira gehien erabili direnak, eta gorakadarik handiena berriz 62 eta 77. lineek izan dute. 

Hileka begiratuta, martxoan bildu dira zenbakirik handienak. Astegunetan, egunean 86.808 pertsonak erabili dute, eta Bilbobusa gehien erabili den eguna asteazkena izan da. Jende gehien biltzen den ordu-tartea berriz, 13:00etatik 14:00etara bitartekoa da. 

 

Erabiltzaileen profila eta txartel-motak

Azkeneko datuen arabera, Bilbobus garraio-zerbitzuaren erabiltzaile nagusia emakumea da 31 eta 64 urte bitartekoa. 

Txartel motari dagokionez, Creditrans da oraindik txartel erabiliena; guztizkoaren %61,6k hautatzen du. Gizatrans eta bilbotrans garraio-txartelak izan ziren bigarren aukera erabiliena, eta noizbehinkako txartela berri, %4,7k soilik erosi zuen. 

 

Lineak, geralekuak eta azpiegiturak

Ohiko 27 lineak, 8 Auzolinea eta 8 Gautxori zerbitzuek osatzen dute. Bilbobusek 147 autobuseko flota du, eta zerbitzuak 516 geraleku ditu Bilbo osoan zehar banatuta. 

 

Gogobetetze-maila: oso balorazio ona

Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio Sailak egindako inkestaren arabera, Bilbobusen bezeroen gogobetetze-indizea finkatu egin da, eta hamarretik 7,32ko puntuazioa jaso du.

Aurreko urteetan bezala Gautxori lineak lortu du puntuazio altuena, eta zerbitzuaren irisgarritasuna eta eskaintza izan dira balorazio onena jaso duten alderdiak. 

Erabiltzaileek zerbitzuaren bilakaera hautemateko moduari dagokionez, inkestatutako pertsonen %94k bilakaera positiboa izan duela adierazi dute; eta %28k, aldiz, 2015. urtean zerbitzua nahikotxo edo asko hobetu dela adierazi dute.