Eliza Katolikoak immatrikulatutako ondarearen izaera publikoaren defentsan

uriola.eus 2016ko ots. 17a, 07:00

EH Bildu eta Goazen udal taldeek proposamen bateratua aurkeztuko dute otsailaren 25eko Udalbatzarrean. Udal Gobernuari eskatuko diote "Eliza Katolikoak modu okerrean immatrikulatutako ondare publikoa berreskuratzeko prozesua abiaraztea".

Eliza Katolikoak, "ezagutzera eman gabe eta gotzain baten hitza froga bakartzat izanda", bere izenean jarritako ondarearen "zerrenda luzea da" EH Bildu eta Goazen udal taldeen aburuz. Horien artean Bilboko eliza bi daude: Abusuko Artzai Onarena eta Olabeagako Santa Anako eliza. Azken hori "arkupe eta guzti".

Hori dela eta, EH Bildu eta Goazen udal taldeek honako eskaria egin diote Udal Gobernuari: "Eliza Katolikoak modu okerrean bere izenean jarri duen ondarea berreskuratzeko prozesua abian jar dezala".

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak argiro eskatu du, “Gobernuak jabetza hori onar ez dezala eta, aldi berean, Elizak bueltan ematea. Era horretara Elizak muzin egingo lioke frankismoak, 1946ko Hipoteka Legearekin, emandako eskubideei. Urte asko geroago Jose Maria Aznarren gobernuak, 1998ko lege horren erreformarekin, eutsitako eskubideei, hain zuzen ere".

Immatrikulazio horiek bertan behera utzi ondoren Bilboko Elizbarrutiak berriro ere ondare horiek bere izenean jartzeko aukera izango lukeela argitu du Fatuartek, "baina oraingoan modu publikoan, eskualdatze publikoko zergak ordainduz eta haien jabetza beste edozein herritar bezala frogatuz".

2015eko ekainean Eliza Katolikoak 1978tik Euskal Autonomia Erkidegoan bere izenean jarri zituen ondareen zerrendatzea egiteko ekimena onartu zen Eusko Legebiltzarrean. Ekimen horrek Eusko Jaurlaritzari eta diputazioei herri mailako erakundeei ondare publikoaren jatorria eta eskubideen informazio juridiko eta historikoa ematea eskatzen zuen. Horretaz gain, Eliza Katolikoak "modu okerrean bere izenean jarritako ondarea berreskuratzeko lanean laguntzea eskatzen zitzaien instituzio bi horiei".

EH Bilduko zinegotziak "hau ez dela Elizaren kontrako afera" zehaztu nahi izan du. Horren adierazle dira ondare publikoaren defentsan lan egiten duen plataforman dauden kristau elkarteak. Proposamenaren helburua, Fatuartek azpimarratu duenez, "ondare publikoa defendatzea da".