Financial Times egunkari ekonomiko britainiar ospetsuak Bizkaiko hiriburuaren gaitasuna aitortu du "atzerriko zuzeneko inbertsioak egiteko leku erakargarri gisa", Udalaren esanetan. Aitortza horrek Udalaren "negozio aukera berriak" sortzeko nahiz hirian "lana eratzeko bultzatutako estrategia" bermatuko du.
'Etorkizuneko Hiri eta Eskualde Europarrak 2016/2017' izeneko txostenak hiriburu bizkaitarra inbertsioak egiteko Europako laugarren hiririk onenaren mailan sailkatu du Mid-Sized Cities atalean; atal horrek 200.000 eta 750.000 pertsona arteko biztanleria daukaten metropoli-areak aintzat hartzen ditu.
Erreferentziako argitalpentzat jotzen den fDi Intelligence-k atzerriko zuzeneko inbertsioaren alorrean egindako sailkapen horrek hirien indar ekonomikoa, enpresa-sarearen lehia eta finantza-dinamismoa hartzen ditu kontuan. Saria fDi Strategy kategoriakoa da, bost maila desberdinetan sailkatuta dagoena, biztanle kopuruaren arabera. Major, 750.000 eta 4.000.000 artean; Large, 500.000 eta 2.000.000 artean; Mid-Sized, 200.000 eta 750.000 artean; Small, 100.000 eta 350.000 artean; eta, azkenik, Micro, 100.000 pertsona baino gutxiago.
Hiriburu bizkaitarrak, 2014-2015 txostenari dagokionez, bere sailkapena hobetu du Mid-Sized atalean, aurrekoan zazpigarren tokian hautatu baitzuten. "Zalantzarik gabe, aurrerapen garrantzitsua da, bereziki mundu globalizatu eta hiperlehiakor batean bizi garen heinean", azaldu dute Udaleko ordezkariek. Izan ere, inbertsioak eta negozioak eskuratzeko hiriak "esfortzuak bikoiztera behartzen ditu". Gainera, 2014-2015eko edizioan, Bilbo Europako hegoaldeko laugarren onena izan zen maila horretan. Alabaina, kasu honetan gune geografikoari dagokion atala ezabatu da, kontinentea eskualde bakartzat hartu baita.
Kalitate zigilua
'Etorkizuneko Hiri eta Eskualde Europarrak 2016/2017' bi urtean behin egiten den txostena da, negozio eta ekonomiari buruzko atzerriko informazioa ematen liderra den Financial Times egunkariak sustatzen duena. Egunkari horrek batez besteko 2.200.000 irakurle ditu egunero eta 4.500.000 harpidetza digital. Ikerketa egiteko arduraduna den fDi Intelligence aldizkaria profesionalei eta korporazio karguei zuzenduta dago, atzerriko zuzeneko inbertsioaren alorrean esperientzia eta eragin-gaitasunak dutenak, hain zuzen ere. Aintzatespena jasotzea kalitate zigilua da jasotzen duten hirientzat, erreferentzia hori kapitalak eta negozioak eskuratzera bideratutako jarduketa guztietan erabili ahal dute eta.
Europako hegoaldeko tamaina ertaineko hirien Top 10.
Atzerriko Inbertsio Zuzeneko Estrategiak. fDi Strategy indizea
1.- Wroclaw (Polonia)
2.- Edimburgo (Erresuma Batua)
3.- Liverpool (Erresuma Batua)
4.- Bilbao
5.- Zurich (Suitza)
6.- Nottingham (Erresuma Batua)
7.- Cardiff (Erresuma Batua)
8.- Malaga (España)
9.- Ostrava (Txekiar Errepublika)
10.- Brno (Txekiar Errepublika)