Kiroldegiak konponketan

uriola.eus 2016ko ots. 17a, 13:48

Kirol instalazioen eta zerbitzuen berrikuntzara, modernizaziora eta, batez ere, horien mantentze lanera diru gehiago bideratuko du Bilboko Udalak aurten. Hain zuzen ere, iazko aurrekontuarekin alderatuta, %9 gehiago. Guztira, 2.888.339 euro. 

Txurdinagako kiroldegian zenbait obra egingo dira eta 207.475 euroko gastua izango dela kalkulatu da. Alde batetik, igerileku estaliko metalezko egitura aldatuko da. Bestetik, umeen igerilekua egokitu egingo da eta ume txikientzako igerilekuko beira bat jarriko da. Horrela, umetxoen ontziak baldintza egokiak izango ditu tenperaturan eta giroan. Squasheko pista bietako hormak eta zoruak ere hobetu egingo dira.

Artxandako kiroldegia hobetzeko 633.604 euro gorde dira. Fatxadako bistako adreilua konponduko da, igerilekuko eta pabiloiko estalkia iragazgaiztuko da, kirol-azalera berri bat egingo da tenisa eta padela egiteko, eta frontoietako bateko zorua konponduko da.

Errekaldeko kiroldegiari dagokionez, 250.255 euro erabiliko dira. Tenis-pistako estalkia osorik konponduko da eta, aldi berean, tenis-pistetako zoruak eta squash-pistetako hormak eta zoruak konponduko dira. San Ignazion padel-squash pista hobetuko da eta babes arina jarriko da albotik ez dadin euririk sartu. 16.868 euro gastatuko direla kalkulatu da.

Zorrotzako kiroldegiak 71.689 euroko aurrekontua dauka estalkia, erretenak eta sarrera konpontzeko, ebakuaziorako ate bat egiteko eta, horrela, kirol askotarako pistaren edukiera handitzeko eta pabiloitik zuzenean kanpora joango den ate bat edukitzeko.

Bilbao Kirolak erakundeak Abusun dauzkan kirol-instalazioetan igerilekuko ataria konponduko da, bertako baldintza higrotermikoak hobetzeko; horretarako, barruko estaldura berria jarriko da. Era beran, frontoia osorik zarratuko da. Lan horietarako 134.943 euroko aurrekontua dago.

2016an hobekuntzak egingo dira futbol-zelaietan. Etxezurin (Deustu) 164.462 euro erabiliko dira jokalekua konpontzeko: belar artifizial berria jarriko da eta kirol-ekipamendu berria ekarriko da.

Mallona, Artxanda, Iparralde, Errekalde, Zorrotza, Ibarsusi eta San Ignazioko zelaietan argiak hobetuko dira eta ohiko konponketak egingo dira. Guztira, 92.774 euro erabiliko dira.

Azkenik, Bilbao Kirolak erakundearen aurrekontuetan 470.339 euro erabiliko dira kirol-zerbitzuetako teknologia berrietan eta obra txikietan (klimatizazioa, berokuntza, kudeaketa energetikoa, sarbide-sistemak, pintura) udalaren kirol-instalazioen multzo osoan.

 

Aurrekontua

2.888.339 euroko zenbatekoa banatu egingo da. Alde batetik planifikatuta dauden lanetan inbertitzeko 1.629.000 euro eta, bestetik, kontserbazio-lanetan eta mantentze-lanetan sortzen diren beharrizanetarako 789.000 euro, eta, azkenik, 470.339 euro erabiliko dira kirol-zerbitzuetako teknologia berrietan eta obra txikietan.