Correscales

800 kilometroko martxa egungo prekaritatea biharko duintasuna izateko

uriola.eus 2016ko ots. 18a, 10:12

Correscales edo Korrika Prekarioa Bilbotik abiatuko da Bartzelonara arte 'duintasunaren aldeko bidea prekarietatearen aurka' lelopean. Gaur, hilak 18, 18:30ean izango du hasiera Buenos Aires kaleko Movistar enpresaren dendaren parean, iaz Movistarreko teknikoek egin zuten greba gogoan. Correscalesen lehen kilometroetan, Bilboko kaleetan zehar, lekukoa langileek eta gizarte eragileek eramango dute.

Gaur, otsailak 18, 18:30ean Correscalesen hasiera ekitaldia izango da Movistar dendan (Buenos Aires kalean). Bideoaren proiekzioa, bertsolarien bertsoak, txalaparta doinuak eta manifestuaren irakurketa egingo dira bertan. 

19:00etan Marea Urdinak (Movistarreko langileak) hartuko du lekukoa eta lehenengo metroak egin ostean sindikatuei pasako die lekukoa (CGT-CNT-ELA-ESK-LAB-STEILAS) eta hauek Bilboko gizarte eragileei, besteak beste, mugimendu feminista, munduko emakumeak, bazterketa sozialaren kontrako plataformak, langabeen asanbladak, gazteak, ekologistak, TTIP ez!, okupak, internazionalistak edota Maiatzaren 1 egin eragileei. 

Correscales-Korrika Prekarioa

"Borroka ez dela amaitu" adierazi zuten Movistarrek kontratatutako eta azpikontratatutako enpresetako langileek eta autonomoek bi hilabete luzeko grebaren ondoren. Prekarietateak "hamaika aurpegi baititu", eta prekarietatea baita herritarren "gehiengoaren egoera". Borroka horretan, kolektibotasunetik eta elkartasunetik erantzun bateratua emateko beharra azpimarratu dute. "Elkar babestea eta parte-hartzea" funtsezko ekintzak direla. Horregatik erabaki dute Correscales ekimena abian jartzea. "Europako bigarren errelebo-lasterketarik luzeena" eta "egungo elkartasun proiekturik handiena". Bilbo eta Bartzelona lotuko dituen "prekaritatearen aurkako martxa", alegia.

Gaur, otsailak 18, abiatuko da Bilbotik, Movistarreko teknikoen grebaren ondorioz "akordio gehien lortu den hiritik", eta 800 kilometroren ostean, otsailaren 22an, Bartzelonan izango du helmuga, Mobile World Congress azokarekin bat. Ez da kasualitatea. Kongresuan parte hartuko duten enpresei mezua helarazi nahi diete. "Teknologia enpresa aurreratuenek prekaritatearen eskailerak oinarri dituztela" salatzea dute xede.

Jomugan 150.000 euroren bilketa

Iazko grebak eragindako kalteak eta zorrak kitatzeko Goteo plataforman diru bilketa jarri zuten martxan Movistarreko teknikoek eta hainbat gizarte eragilek elkarlanean. 35 egunetan 100.000 euro batzea lortu dute. Pozik agertu dira gaur lorpenarekin. "Inoiz ez dute hainbeste elkartek hainbeste diru bildu hain denbora gutxian", eman du jakitera Quimek. Jomuga 150.000 eurotan dute. Kopuru horrekin kutxa komun bat sortuko dute "inoiz grebarako aukera bazter ez dadin eskubideen eta duintasunaren aldeko borrokan".  

800 kilometro egiteko 80 korrikalari

Egun eta gau korrika arituko dira lau egunez 80 korrikalari Bilbo eta Bartzelona arteko 800 kilometro egiteraino. Hamar kilometroro txandatuko dira lasterkariak. Correscalesek hasiera Bilboko Buenos Aires kaleko Movistar dendan izango du gaur, otsailak 18, 18:30ean. Basaurira arteko kilometroak, "manifestazio" formatuan, erreleboka egingo dituzte gizarte eragileetako ordezkariek. Basauritik aurrera abiadura bizkortuko du martxak.

Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Huesca, Lleida, Tarragona eta Bartzelonatik pasako da Correscales. Ibilbidean zehar zeharkatuko dituen hainbat herritan jarduerak antolatuko dituzte.