Telefono urdin bat da Bilbo eta Bartzelona lau egunetan lotuko dituen Correscales martxaren lekukoa, eta prekarietatearen aurka borroka egiteko modu berritzaile honen ikurra. Movisterreko teknikoek, lanegunetako kamiseta urdina soinean zutela, pasa zieten lekukoa Bilboko gizarte eragileetako ordezkariei. Hiriko kale nagusiak zeharkatu zituzten atzo iluntzean telefono urdina eskuz esku zeramatela Correscalesi atxikimendua agertu dioten 100 bat Euskal Herriko erakunde eta elkarteetako kideek. Langileak, langabeak, gazteak, emakumeak, immigranteak... baita ekologistak, TTIPen aurkakoak, pobreziaren aurkakoak edota pentsiodunak ere. Izan ere, prekarietateak "hamaika aurpegi ditu", eta prekarietatea da herritarren "gehiengoaren egoera".
Eskailerak eta antortxak izan ziren nagusi ekimenaren hasierako ekitaldian Buenos Aires kalean, Movistarrek Bilbon duen denda nagusiaren parean. Iaz bi hilabe luzez greban zeuden teknikoen elkarretaratzeetan gertatu bezala, atzokoan ere Ertzaintzako hainbat agentek babestu zuten denda eta ingurua.
Txalaparta doinuek eta bertsoek piztu zuten Correscalesen suziria. Arkaitz Estiballesek "bete ditzagun gure kaleak gure duintasunez" esanez berotu zituen lehen kilometroan bildu ziren ehunka lagunen eztarriak. "Correscales aurrera", "Aquí está la marea azul" eta "Borroka da bide bakarra" oihuak izan ziren errepikatuenak.
"Elkarlana eta kolektibotasuna, kapitala eta patriarkala suntsitzeko tresna indartsuena"
Buenos Aires kaleko errepidearen erdian paratutako oholtzatik Goiru Mendezek ozen adierazi zuen "kapitalismoaren sistema itogarriaren aurrean, bizatzaren defentsan, gure aukera duintasuna da". Egungo egoera iraultzeko, elkarlana eta kolektibotasuna jo zituen funtsezko bitarteko: "Gure ibilbidea luzea da oztopo guztien gainetik tinko jarraitu duena urte luzez. Gazte, emakume, langile... denok bildu gara hemen, eta hori da dugun tresna polit eta garrantzitsuena, elkarlana, kolektibotasuna, kapitala eta patriarkala suntsitzeko dugun tresnarik indartsuena".
800 kilometro egiteko 80 korrikalari
Egun eta gau korrika arituko dira lau egunez 80 korrikalari Bilbo eta Bartzelona arteko 800 kilometro egiteraino. Hamar kilometroro txandatuko dira lasterkariak. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Huesca, Lleida, Tarragona eta Bartzelonatik pasako da Correscales. Ibilbidean zehar zeharkatuko dituen hainbat herritan jarduerak antolatuko dituzte.
Otsailaren 22an, Bartzelonan izango du helmuga Correscalesek, Mobile World Congress azokarekin bat. Ez da kasualitatea. Kongresuan parte hartuko duten enpresei mezua helarazi nahi diete. "Teknologia enpresa aurreratuenek prekarietatearen eskailerak oinarri dituztela" salatzea dute xede.