Zazpikaleetako Errehabilitazio Planaren aldaketaren bide beretik jotzea erabaki du Udalak hiri erdigunean ere, besteak beste, oposizioko alderdiek, auzokideek eta ostalariek luzatutako eskariari erantzunez.
Hala, Bilboko Udalak hasiera emango dio Hiri Antolamenduko Plan Nagusiaren (HAPN) Zabalguneko 7. Ordenantzaren eremuan hiri-plangintza aldatzeko tramitazioari, hirigintzan eta gizarte-alorrean azken urteotan Abandon eta Indautxun izandako bilakaera aztertu ondoren. "Espazio publikoaren erabileran eraldaketa handia ekarri baitu", Udaleko ordezkarien hitzetan.
Udalak hirigintza antolatzeko prozesuan "beste pauso bat eman du" erabaki honekin, Bilbo hiriaren "garapen iraunkorra sustatzeko asmoz". Neurriak merkataritza edota ostalaritzako jarduera berrien ezarpenean "oreka handiagoa" sustatzea du helburu, baita jarduera ekonomikoa auzoetako "bizitoki izaerarekin bateratzea" ere.
Zabalguneko jardueren ezarpenari buruzko azterketa
Bilbao Ekintzak ostalaritzaren eta merkataritzaren bilakaerari buruz egindako azterketaren arabera, 2008 eta 2015 bitartean, Indautxun (-0,2%) eta Abandon (-%6,7) jaitsi zen ostalaritzako saltoki-kopurua. Jaitsiera nabarmenagoa izan zen Abandon, Bilbo osoan baino.
Hala ere, zenbait kaletan metatu dira ostalaritzako lokalak gune jakin batzuen inguruan. Horietan %7 eta %38 arteko igoerak izan dira.
%10eko hazkundea izan duten kasu nabarmenenak
Ledesma-Albia-Aldundia eremua
Campuzano-Poza ingurunea (Garcia Rivero barne)
Heros-Ajuriagerra bidegurutzea
Mazarredo zumarkalea
Villarias kalearen ingurunea
Autonomia eta Gordoniz kaleen inguruko espazioa
Oreka helburu
Datu hauek eta egindako analisia ikusita, Bilboko Udalak indarrean dagoen plangintzaren aldaketa egitea proposatu du, "ingurumenaren eta ingurunearen babesaren barruan". Horrekin, jarduera ekonomikoen ezarpena eta erabileren nahasketan "oreka" bermatu nahi du, HAPNren Zabalguneko 7. Ordenantzaren eremuan, "eraikuntzen balio arkitektonikoa zainduta eta bizitzeko lekuaren izaera babestuta".