EH Bilduko udal taldeak egiaztatu ahal izan duenez, datorren martxoaren 1ean eta 2an, bere egoitza Erandion duen Arte Subastas Bilbao enkante etxeak "Jose Solchaga jeneral faszistari 1938an orduko udal frankistak emandako Bilboko Urrezko Domina enkante bidez salduko du".
Enkantearen datuak subasta etxeko web gunean kontsulta daitezke. Irteerako prezioa 9.000 eurotan jarri dute. Aipatu domina baliogabetu egin zuen Bilboko Udalbatzak 2001eko maiatzaren 31n.
EH Bilduren bozeramaile Aitziber Ibaibarriagak "berehala jardutea" exigitu dio udal gobernuari, enkantea geldiaraz dezala eta 2001ean indargabetutako domina hura berreskura dezala. "Ezin dugu eskuak gurutzatuta eta albora begira geratu. Domina horiek Bilboko herriarenak dira, legez kanpokoak, udal ilegitimo eta antidemokratiko batek eman zituenak", azpimarratu du Ibaibarriagak. Era berean, "herriari lapurtutako eta odolez zikindutako" domina horiekin negozioa egin nahi izatea "frankismoaren milaka biktimekiko iseka, irain eta mespretxu" argia dela adierazi du.
Era berean, EH Bilduko bozeramaileak Juan Maria Aburtoren gobernuari eskatu dio "lehenbailehen bidal diezaiela ofizio bat frankismo garaian emandako eta 2001eko eta 2015eko Udalbatzarretan indargabetutako domina eta ohore guztien titular, ondorengo edo jaraunsleei, jasotakoa Udalari itzul diezaioten exigituz".