Garoñarekin mozteko prest dauden herritarrak

uriola.eus 2016ko ots. 26a, 12:54

Zentral nuklearra zabaltzen badute, Iberdrolatik alde egin eta energia nuklearra saltzen ez duen enpresa batera jotzeko konpromisoa irudikatuko dute gaur arratsaldean Bilbon 25 bat norbanako eta erakundek. 

Garoñako zentral nuklearra egun geldi dagoen arren -hiru urte daramatza geldi-, Iberdrolak eta Endesak 2032 urtera arte erabili nahi dute energia ekoizteko. Helburu horrekin eskatu dituzte jada beharrezko diren baimenak.

Fukushimako lehen unitatearen berdina izaki Garoñakoa, 2011ko Japoniako istripuaren ondoren, Europak baldintzak zorroztu ditu. Araudi europarrak beste energia unitate bat edukitzeko baldintza ezarri dio Garoñari martxan hasi nahi badu, eta horrek "kostu handia" du. Hain zuzen ere, 140 eta 150 milioi euro bitarteko kostua du energia unitate gehigarriak, URIOLAri Garoñaren aurkako Bizkaiko Foroko kide Jon Llonak esan dionez. 

Ez du uste Llonak Garoña berrabiaraztea lortuko dutenik Iberdrolak eta Endesak, irekierarako behin behineko baimena eskuratuko duten arren. Zentrala martxan jartzen ez bada, bi enpresen estrategia Espainiako Estatuari lucro cesantea eskatzea izango da, hau da, eskuratu gabeko irabaziengatik ordaina eskatzea.

Kezkatuta daude Llona eta Bizkaiko foroko kideak, "gehienez" 40 urteko jarduna izateko diseinatu zen zentralaren balizko irekieragatik. Baimen teknikoak eskuratzen baditu Espainaiko gainerako zentralek ere jardunaren luzapena eska dezaketelako. "15 edo 19 urte gehiago martxan jarraitzeko baimena, eta hori Europan kasu bakarra litzateke". Horregatik aldarrikatzen du foroak Garoñaren "behin betiko itxiera eta eraispena".

Garoñarekin moztu

"Portabilitatea lortzea da" Garoñarekin mozteko bide "eraginkorrena" Bizkaiko Foroaren aburuz. Iberdrolako bezero izateari utzi eta energia nuklearra salerosten ez duen beste batean kontratua egitea, alegia. Horretarako, 'Garoñarekin moztu' kanpaina jarri du abian eta, Burgoseko zentrala zabalduz gero, Iberdrolatik alde egiteko konpromisoak bildu ditu. Guztira, 25 inguru.

Gaur, 18:00etan, konpromiso hori irudikatuko dute ekitaldi batean Kalderapeko kultur gunean kapainari atxikimendua eman dioten eragileekin. Bertan elkartuko dira unibertsitate eta kulturako ordezkariak, talde ekologistak, auzo elkarteak, alderdi politioak edota sindikatuak.

 

[2016-02-11] Garoña zabalduz gero Iberdrolatik alde egiteko prest daudenen konpromiso bila

[2015-11-24] Garoñan jarduera luza ez dezala eta behin betiko itxi dezala eskatu dio Udalbatzarrak Madrili

[2015-06-19] "Bizkaitarrak ez daude Garoñak dakarren arriskuaz kontzientziatuta"