Loraldia 2016

Gaur gaurkoa den euskal sormenaren erakusleiho zabala

uriola.eus 2016ko mar. 2a, 15:39

Iazko Loraldia kultur jaialdiak jarraipena izango du aurtengo udaberrian Bilbon berrikuntza ugarirekin. Iraupen luzeagoa, sortzaile gehiago eta eragileen babes handiago izango ditu. Antolatzaileek iragarri dutenez, "euskal kulturaren tsunamia" izango da Bilbon apirilaren 9tik 24ra. 

Maialen Lujanbiok, iazko Loraldiaren baitan, "ez dadila izan egun bateko lora" kantatu zuen lehen edizioa zuen kultura jaialdiari erreferentzia eginez. "Ez da izan" zioen atzoko aurkezpenean Imanol Agirre Loraldiko zuzendari artistikoak. "Badator bigarrena, eta sekulako lorategia loratuko da apirilean", aurreratu du, "Bilbon badela kultur jaialdi modernoa" nabarmenduz. 

Hilabete barru hasiko den "sekulako gertakariari" eta "egundoko topaketari" zenbakiak erantsi dizkio Agirrek. Hamasei egun luze, tartean hiru asteburu eta bi aste oso, 12 eszenatoki "Bilboko bihotzean", 31 ikuskizun eta 80 bat artista profesional.

Jaialdiaren bigarren edizioa "altxatzeko" eragile "esanguratsuak" izan ditu Loraldiak bidaide. Bilbao 700 fundazioa bidaide "irmoena". Babesle guztiei zuzenduz "zuek zarete gure Anton Abadia, zuek zarete euskal kulturaren sustatzaileak" erantsi du Agirrek. 

 

Bi ale berezi

31 sentikariren artean "bi ale berezi" nabarmendu ditu zuzendari artistikoak. Batetik, jaialdiko zabalera ikuskizun izango den Joxemiel Bidador pastorala. "Ez dago aukera handirik pastoral bat Bilbon ikusteko", eta Loraldiak iazko urrian Iruñean estreinatutako pastoral hiritar eta garaikidea eskainiko du apirilaren 9an.

Bestetik, Pier Paul Berzaitzek sortu eta zuzendu duen ikuskizun "harrigarria", Maite.k izenekoa. Zazpi emakumeren bizitzako pasarteak biltzen dituen kantu, musika, irudi eta dantza uztartzen dituen sentikaria. Berzaitzekin batera Joxean Goikoetxea, Juhane Dascon eta Kukai konpainiak osatzen dute lantaldea. Maite.k-ren estreinaldi "mundiala" Loraldian izango da apirilaren 23an. "Hitzordu ezinbestekoa", Agirreren esanetan. 

 

Gaur gaurkoa eta denontzakoa

Egitarau oparoa osatu du Loraldiko lantaldeak bigarren ediziorako. "Gaur gaurkoa den euskal sormenaren erakusleiho zabala", izan nahi du jaialdiak. "Euskal kulturaren tsunamia". Hiritar ororen neurrikoa: "Denontzat egongo da lorerik". Baita erdaldunentzat ere. "No sabéis lo que os perdéis", esanez egin die jaialdira hurbiltzeko gonbita Agirrek. 

 

www.loraldia.eus

www.loraldia.eus/programa

www.loraldia.eus/aretoak