2016 api 25 Bilbo
Hamasei egunez jarraian, apirilaren 9tik 24ra bitartean, euskal kultureak Bilboko hamaika areto eta kale hartu ditu, eta uria udabarriko euskal kultur garaikidearen erreferentzia izateko bidean jarri da. Bilbon egoan hutsune bat betetera heldu da II. Loraldia, eta behar horri bikain erantzun deutso.
Aurten Loraldiak arrakasta handia izan dau, bai ikusleei jagokenez, baita sortzaileei jagokenez be. Publikoaren aldetik (anitza edade eta estiloan) nabarmena izan da erantzuna: hamahiru areto erabili doguz, asistentzia-datu bikainakaz (edukierearen % 73 bete da), eta behin baino gehiagotan zintzilikatu behar izan dogu Sarrerak agorturik kartela (Joxemiel pastorala, Bilbronx, Khantoria, Muxua, Anne Etchegoyen & Biotz Alai Abesbatza, Gibelurdinek-en Shane Mcgowanen gibela eta Kitto. Nik utzi egingo dut. Ugariak izan dira, era berean, 400etik gora ikusle batu dituen ikuskizunak, berbarako, Laboa Jazz, Enkore, Maurizia eta Maite.K.
Baina, ikusleen arrakastatik harago, antolatzaileek nabarmendu nahi izan dabe goi-mailako eta kalidadezko artea izan dala gure artean. Hamaika momentu hunkigarri bizi izan doguz, eta agirian geratu da gaur eguneko euskal sortzaileen lanek kalidade handia dabela. Bada, eskerrak emon nahi deutseguz sortzaile horreei, Festibalean jarritako adore eta profesionaltasunagaitik. Laurogei artista baino gehiagok hartu dabe parte Festibalean, 36 ikuskizunetan.
Danetariko arte-adierazpenak izan dira Loraldia Festibalean: musikea (rocka, rapa, folka, antxinakoa, jazza...), antzerkia, jantzea, zinemea, arte plastikoak, bertsolaritzea... Horra hor gure sormen-aniztasunaren erakusleihorik handiena.
Festibaleko produkzinoak be gogoangarriak izan dira. Laboa Jazz ikuskizuna, esaterako, hunkigarria izan zan eta malko bat baino gehiago eragin eutsezan ikusleei. Anari eta Maddi Oihenart musikariek, alkarregaz kanteteaz gan, bide barriak zabaldu zituen. Etorkizuna perfektua balitz Anjel Lertxundik idatzitako testuan oinarritutako lanak be sentimendu sakonak piztu zituan...
Baikor begiratzen deutsagu geroari. Bigarren edizinoak ondo lotu ditu Festibalaren erroak. Loraldia gehiago loratuko da datorren udabarrian. Abian gara dagoeneko, datorren urtean be euskal kultura garaikidearen uzta barria jaso ahal izateko.
2016 api 13 Bilbo
2016 api 08 Bilbo
2016 api 08 Bilbo
2016 api 07 Bilbo
2016 api 06 Bilbo
2016 mar 02 Bilbo
2016 mar 02 Bilbo
2016 mar 02 Bilbo
2016 mar 01 Bilbo
2016 ots 04 Bilbo