Zerbait "berezia" antolatzeko enkargua jaso du Enkore taldeak Loraldiko antolatzaileengandik. Horretarako zazpi urteko ibilbidean Errekaldeko taldeak ezagutu dituen hurbileko lagunengana jo du. Hortik, larunbatean, Kafe Antzokian eskainiko duen kontzertu emanaldiari antolatzaileek eman dioten izena: Enkore + lagunak. Urtzi Iza kantariaren arabera, Enkore + familia izena ere egokia da. Enkore + tribua ere izan zitekeen. "Tribu kontzeptua beti eduki dugu gogoan, lantaldea garelako. Larunbaterako lantaldea handitu dugu. Berezia izatea espero dugu", azpimarratu du Izak.
"Egungo estilo berrien ordezkari", Las Tea Party DJk emango dio hasiera ekitaldiari (22:30ean). Musika "ez baita jotzen dena bakarrik, baita jartzen dena ere". Aiora Renteriak (Zea Mays) kontzertuko "une sentimentala" erantsiko du eta Idoia Gerediagak "une intimoa", Iñigitok (Etsaiak, Txapelpunk) "indarra", Peiok (Skakeitan) ikutu "gaztea", Jokinek (Sei Urte) ikutu "klasikoa" eta Lolok (Smoke Idols) "lokal giroa".
Kontzertu amaieran The Middle Fingersek remix batekin emango dio jarraipena gaua bukatzeko bideari.
"Denok dugulako Mauriziaren zerbait"
"Kontentu" eta "urduri" dago Aukeran dantza taldeko Edu Muruamendiaraz Maurizia ikuskizuna Bilbon estreinatzearekin. Zortzigarren ekoizpen lana du Aukeranek. Hemeretzi urtetan ekoitzitako aurreko zazpi ikuskizunak Donostian estreinatu ditu, "gure publikoa" dagoen hirian. Lehen aldiz estreinatuko du Bilbon igandean. "Uste dut jendeari iritsiko zaiola", dio Eduk. "Bizkaian gaude eta Mauriza Bizkaikoa zen. Hemen gehiago sentitzen da Maurizia".
Maurizia Aldeiturriaga panderojole zeberiotarra euskal kulturan "erreferentea" da. Emakume "indartsua". Lanerako "zorroztasuna" erakusten zuena. Baita "pasioa, ahulezia eta mina" ere. Muruamendiarazek dantza txapelketetan ezagutu zuen Maurizia. Panderoa "kristoren azkar eta luze" jotzen zuela gogoan du Eduk, eta horrek "kikildu" egiten zuela. Urteak pasata, Mauriziari ez ezik, bere amari eta "hor dauden emakume guztiei" omenaldia egitea erabaki du Aukeranek. "Denok dugulako Mauriziaren zerbait".
Ikuskizun "handia eta luzea" da Muruamendiarazen esanetan, 13 koreografiakoa. "Erronka" izan da ikuskizuneko 11 dantzarirentzat. Panderoa jotzen ikasi dute -eta aldi berean dantzatzen- eta, Ainhoa Airberen zuzendaritzapean, bestelako interpretazioa egiten. Karmele Jaiok beren-beregi idatzitako testua off-eko ahotsean txertatzen da koreografietan, eta noski, beren-beregi konposatutako musika. Fandangoaz eta Arin Arinaz gain, "beste doinu batzuk" entzuteko aukera ere izango da.
Hasiera "ikaragarria"
Loraldia jaialdiaren lehen lau egunek “oso pozik” utzi dute Imanol Agirre zuzendari artistikoa. Datuak “ikaragarriak” direla nabarmendu du jaialdiko lehen balantze gisa. Bidador pastorala ikusteko sarrera guztiak saldu ziren. “Bete” egin zen Alondegiko atrioa Iruñeko Joxemiel Bidadorren bizitza bi orduz kontatzen duen ikuskizuna jarraitzeko. Bilbronx hip hop eta beatbox emanaldiak "arrakasta handia" izan du. 300 bat gazte bildu zituen. Hordago ardoa saioa "zoragarria" izan da. Garden Alos Quartet & Oreka Tx eta Aukeran taldeek Campos antzokiko platea "bete" dute... “Oso pozik gaude”, errepikatu du behin eta berriro Imanol Agirrek.
Emakumea "erabateko protagonista"
Loraldiaren bigarren edizioak emakumea "erabateko protagonista" du. Maurizia eta Maite.K ikuskizunak, Pako Aristiren azken olerkiak errezitatu dituen Itziar Gomez, Anne Etchegoyen kantaria edota Mikel Laboaren abestiak interpretatuko dituzten Ainara Ortega eta Maria Berasarte dira horren adibide. Imanol Agirreren esanetan, "emakume asko daude eta emakumeen istorioa asko daude" aurtengo Loraldian.