Loraldia 2016

Bilboko saioak piztu du udaberriko saioen txinparta

Mintzola Ahozko Lantegia 2016ko api. 16a, 15:00

Loraldiaren baitan, Azkuna Zentroan egin da saioa gaur eguerdian. Inprobisatzaile sardiniarrak, kurdua eta katalanak aritu dira, bertsolariekin batera.

Azkuna Zentroko auditoriuma hartu du gaur Europa bat-batean egitasmoak. Oholtza, kultur anitza: Euskal Herriko bertsolariak, Igor Elortza eta Ane Labaka; Sardiniako cantadoriak, Simone Monni eta Paola Dentoni, ahots laguntzaileekin batera, Stefano Cara eta Michele Deiana; Kurdistan ordezkatuz Zinar Ala dengbêja; eta Herrialde Katalanetako corrandistak, Christian Simelio eta Anais Falco, Gerard Diez musikariarekin batera. Saioa Maite Berriozabalek gidatu du eta elkartrukeen ulermenerako zein ikusentzuleek saioa jarraitzeko, itzulpen lanak egin dituzte Sardiniako Renato Capocchiak eta Euskal Herriko Maddalen Arzallusek eta Irati Majuelok.

Agurraren ondotik, bakoitzak bere jardunaren erakustaldia egin du. Aurrez ezagutzen genuen bertsolaritzaren jardunari, sardiniarren musikaltasun berezia, dengbêjaren exotismoa eta corrandisten alaitasuna gehitu zaizkie gaur, aparteko emanaldia osatuz. Gerora, osagai horiek nahasteko aukera ere izan da, bertsolariak cantadoriekin eta corrandistekin ere aritu baitira, Maite Berriozabalek emandako gaiekin.

Bilbon piztu da txinparta eta saioz saio handitzen joango da…

 

Testua: Mintzola Ahozko Lantegia