Bi ikasle eta irakasle bat. Hiru ikuspuntu istorio bera osatzeko. Hiru pertsonaia horiek dira maitasun, gorroto eta indarkeriari buruzko obra honetako protagonistak. Erdian muxu bat, eromena eragin dezakeen muxu bakar eta sinple bat. Benetako gertaera batean oinarriturik dago Tanttaka konpainiaren Muxua. "Hurbil-hurbiletik bizi behar den ikuskaria" da Tanttakako kideen esanetan.
Hitzordua: gaur, hilak 20, asteazkena, 18:30ean, Arriaga Antzokiko gelatxoan. Sarrerak 3 euro balio du.
Igandera arte
Ostegunean, hilak 21, ekitaldi ederra prestatu dute Loraldiaren baitan. Izan ere, Anne Etchegoyenek, Biotz Alai abesbatzarekin batera, kontzertua eskainiko dute 90 minutuko saioan Arriaga Antzokian. Saioak 20:00etan izango du hasiera. Lapurdin jaioa, 'Ongi Etorri' diskoa aurkeztuko du Anne Etchegoyen artistak, Algortako Biotz Alai Abesbatzaren laguntzarekin. Orain arte argitaratu dituen bi lanekin sekulako ospea eskuratu du Europan. Gero, kantariak Done Jaku Bideari ekin zion oinez musika egitasmo berria osatzeko. Loraldian eskainiko duen kontzertuan kantu berriekin dator.
Ostiralean aldiz, Shane McGowanen Gibela musika taldearekin batera Unai Elorriagak kontzertua eskainiko du musika eta literatura fusionatuz. Kafe Antzokian eskainiko den saioak 20:30ean izango du hasiera. Shane MacGowan The Poges talde mitikoaren kantaria izan zen. Musikari eta poeta hau punk-folk irlandarraren aitzindaria izan zen, Sex Pistols taldearekiko miresmenak bultzatuta. The Poges taldea gidatu zuen alkoholak eragindako gaixotasunek eszena uztera behartu zuten arte. Unai Elorriaga idazlea MacGowanen bizitzan oinarritu da gidoia osatzeko, eta Gibelurdinek (Fredi Paia, Josu Aurrekoetxea, Ekain Iurrebaso eta Katxo Larrazabal) taldeak The Pogesen bertsioak plazaratuko dituzte.
Larunbatean kantu, doinu, irudi eta dantzaren bidez zazpi emakumeren bizitza pasarteak plazaratuko ditu Maite.K sentikariak. Inesa Gaxen, Kattalin Agirre, Mentxu Gal, Bizenta Mogel, Emiliana Zubeldia, Madalena Jauregiberri bai eta gaur egungo emazte bertsolari zenbait ditugu euskal emaztearen gorazarre honen artizarrak. Pier Paul Berzaitzen gidaritzapean talde sortzaile dirdiratsu bat bildu da: Joxean Goikoetxea (musikaria), Jon Maya (Kukai dantza) Juhane Dascon (kulturgilea), Lokarri abesbatza, Nils Inne (artista grafikoa) eta zazpi emazte-aktore-kantari. Kontzertua Campos Eliseos antzokian izango da 19:30ean.