Loraldia 2016

Done Jaku Bidean jasotakoak kantu bihurtuta

uriola.eus 2016ko api. 21a, 08:30
facebook.com/centre.culturel.arcanson

Anne Etchegoyen lapurtarrak 'Ongi Etorri' diskoa aurkeztuko du gaur Arriaga Antzokian Algortako Biotz Alai Abesbatzaren laguntzarekin.

Ahots xarmangarria du Anne Etchegoyenek eta bi disko bakarrik kaleratu dituen arren sekulako ospea eskuratu du Europa osoan. Atzean utzi du Frantzian ezagun egiten lagundu zion telebistako kantu txapelketa hura. Harrezkero bere ahotsa nonahi zabaldu du meritu propioz.

Algortako Biotz Alai abesbatzarekin batera gaurkoan kantariak eskaini behar duen emanaldia "ekitaldi eder" bezala definitu dute Loraldia jaialdiko antolatzaileek. Izan ere, Etchegoyenek Done Jaku Bideari ekin zion oinez bere musika egitasmo berria osatzeko, eta Loraldian eskainiko duen kontzertura kantu berriekin dator.

Hitzordua: Anne Etchegoyen&Biotz Alai, apirilak 21, Arriaga Antzokia, 20:00. Sarrera: 20€.

 

Poeta gorri horiek! Aresti + Otero + Celaya + Figuera

Blas de Otero poetaren jaiotzaren mendeurrena dugu aurten. Hori dela eta, Oterorekin batera ibili ziren beste bi poeta bildu dituzte emanaldi berean: Aresti eta Celaya. Hirurek ametsak eta testuak partekatu zituzten. Kantu eta berbaren bidez, Mikel Markez, Arkaitz Miner eta Karlos Panerak euskara mundura ekarriko dituzte hiruren poemak bazkari baten inguruan.

Hitzordua: Poeta gorri horiek!ikuskizuna. Apirilak 22, 18:30, Azkuna Zentroko atrioa. Sarrera: 5€/3€.

 

Shane McGowanen Gibela

Musika eta literatura fusionatuz Gibelurdinek musika taldeak Unai Elorriaga idazlearekin batera kontzertu-errezitaldia eskainiko du. Shane MacGowan The Poges talde mitikoaren kantaria izan zen. Musikari eta poeta hau punk-folk irlandarraren aitzindaria izan zen, Sex Pistols taldearekiko miresmenak bultzatuta. The Poges taldea gidatu zuen alkoholak eragindako gaixotasunek eszena uztera behartu zuten arte. Unai Elorriaga idazlea MacGowanen bizitzan oinarritu da gidoia osatzeko, eta Gibelurdinek (Fredi Paia, Josu Aurrekoetxea, Ekain Iurrebaso eta Katxo Larrazabal) taldeak The Pogesen bertsioak plazaratuko ditu.

Hitzordua: Shane McGowanen Gibela, apirilak 22, Kafe Antzokia, 20:00. Sarrera: 5€.

 

Maite.K

Larunbatean kantu, doinu, irudi eta dantzaren bidez zazpi emakumeren bizitza pasarteak plazaratuko ditu Maite.K sentikariak. Inesa Gaxen, Kattalin Agirre, Mentxu Gal, Bizenta Mogel, Emiliana Zubeldia, Madalena Jauregiberri bai eta gaur egungo emazte bertsolari zenbait ditugu euskal emaztearen gorazarre honen artizarrak. Pier Paul Berzaitzen gidaritzapean talde sortzaile dirdiratsu bat bildu da: Joxean Goikoetxea (musikaria), Jon Maya (Kukai dantza) Juhane Dascon (kulturgilea), Lokarri abesbatza, Nils Inne (artista grafikoa) eta zazpi emazte-aktore-kantari. Kontzertua Campos Eliseos antzokian izango da 19:30ean.

Hitzordua: Maite.K sentikaria. Apirilak 23, Campos Antzokia, 19:30. Sarrera: 10€. 

www.loraldia.eus