Loraldia 2016

Asteburu indartsua Loraldiaren baitan

uriola.eus 2016ko api. 15a, 12:00

Jaialdiaren hasiera arrakastatsua izan bada ere, asteburu hau ez da atzean geratuko. Ekintzaz beterik dator Loraldia, horien artean, larunbat zein igande honetan bertsoak, musika kontzertuak eta dantzak izango dira nagusi. 

Loraldia jaialdiaren lehen lau egunek “oso pozik” utzi dute Imanol Agirre zuzendari artistikoa. Datuak “ikaragarriak” direla nabarmendu du jaialdiko lehen balantze gisa. Bidador pastorala ikusteko sarrera guztiak saldu ziren. “Bete” egin zen Alondegiko atrioa Iruñeko Joxemiel Bidadorren bizitza bi orduz kontatzen duen ikuskizuna jarraitzeko. Bilbronx hip hop eta beatbox emanaldiak "arrakasta handia" izan du. 300 bat gazte bildu zituen. Hordago ardoasaioa "zoragarria" izan da. Garden Alos Quartet & Oreka Tx eta Aukeran taldeek Campos antzokiko platea "bete" dute... “Oso pozik gaude”, errepikatu du behin eta berriro Imanol Agirrek. 

Larunbat honetan aldiz, Kurdistan eta Sardiniako inprobisatzaileek musika jarriko diete Euskal Herriko bertsolariei goizeko 12:00etan Azkuna Zentroan. Bestetik, '11 Kolore' haur abesbatzak kalejira anitz eta ikusgarria antolatu du 18:00etan Zazpi Kaleak eta Miribilla hartuko dituenak. 20:00etan, Iñaki Salvador, Ainara Ortega, Maria Berasarte eta Anjel Unzuk 'LaboaJazz' interpretatuko dute, Mikel Laboaren kanturik ederrenak entzun ahal izango dira emakumezko bi ahots gozoren bidez. Larunbatarekin bukatzeko, zazpi urteko ibilbidean Errekaldeko Enkore taldeak ezagutu dituen hurbileko lagunengana jo du. Hortik, Kafe Antzokian eskainiko duen kontzertu emanaldiari antolatzaileek eman dioten izena: Enkore + lagunak. Urtzi Iza kantariaren arabera, Enkore + familia izena ere egokia da.

Igandean ere ez dira ekitaldiak faltako, izan ere, Lehen Mundu Gerraren inguruko ibilbidea ezagutzeko antolatu dute Edorta Jimenez idazlearen eskutik. Plaza Barria izango da, hain zuzen, ibilbidearen abiapuntua eta Bilboko Itsasadarra Itsas Museoraino abiatuko da ibilbide interpretatiboan. Geroxeago, Maurizia dantza- ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute Campos Eliseos antzerkira gerturatzen direnak Arratiako pandero jotzaile mitikoari eskainitako koreografia ikustera. 

"Denok dugulako Mauriziaren zerbait"

"Kontentu" eta "urduri" dago Aukeran dantza taldeko Edu Muruamendiaraz Mauriziaikuskizuna Bilbon estreinatzearekin. Zortzigarren ekoizpen lana du Aukeranek. Hemeretzi urtetan ekoitzitako aurreko zazpi ikuskizunak Donostian estreinatu ditu, "gure publikoa" dagoen hirian. Lehen aldiz estreinatuko du Bilbon igandean. "Uste dut jendeari iritsiko zaiola", dio Eduk. "Bizkaian gaude eta Mauriza Bizkaikoa zen. Hemen gehiago sentitzen da Maurizia".

Maurizia Aldeiturriaga panderojole zeberiotarra euskal kulturan "erreferentea" da. Emakume "indartsua". Lanerako "zorroztasuna" erakusten zuena. Baita "pasioa, ahulezia eta mina" ere. Muruamendiarazek dantza txapelketetan ezagutu zuen Maurizia. Panderoa "kristoren azkar eta luze" jotzen zuela gogoan du Eduk, eta horrek "kikildu" egiten zuela. Urteak pasata, Mauriziari ez ezik, bere amari eta "hor dauden emakume guztiei" omenaldia egitea erabaki du Aukeranek. "Denok dugulako Mauriziaren zerbait".

Ikuskizun "handia eta luzea" da Muruamendiarazen esanetan, 13 koreografiakoa. "Erronka" izan da ikuskizuneko 11 dantzarirentzat. Panderoa jotzen ikasi dute -eta aldi berean dantzatzen- eta, Ainhoa Airberen zuzendaritzapean, bestelako interpretazioa egiten. Karmele Jaiok beren-beregi idatzitako testua off-eko ahotsean txertatzen da koreografietan, eta noski, beren-beregi konposatutako musika. Fandangoaz eta Arin Arinaz gain, "beste doinu batzuk" entzuteko aukera ere izango da. 

Emakumea "erabateko protagonista" 

Loraldiaren bigarren edizioak emakumea "erabateko protagonista" du. Maurizia eta Maite.Kikuskizunak, Pako Aristiren azken olerkiak errezitatu dituen Itziar Gomez, Anne Etchegoyen kantaria edota Mikel Laboaren abestiak interpretatuko dituzten Ainara Ortega eta Maria Berasarte dira horren adibide. Imanol Agirreren esanetan, "emakume asko daude eta emakumeen istorioa asko daude" aurtengo Loraldian.