Poeta gorri horiek! Aresti + Otero + Celaya + Figuera
Blas de Otero poetaren jaiotzaren mendeurrena dugu aurten. Hori dela eta, Oterorekin batera ibili ziren beste bi poeta bildu dituzte emanaldi berean: Aresti eta Celaya. Hirurek ametsak eta testuak partekatu zituzten. Kantu eta berbaren bidez, Mikel Markez, Arkaitz Miner eta Karlos Panerak euskara mundura ekarriko dituzte hiruren poemak bazkari baten inguruan.
Hitzordua: Poeta gorri horiek! ikuskizuna. Apirilak 22. Azkuna Zentroko atrioa. 18:30. Sarrera: 5€/3€.
Shane McGowanen Gibela
Musika eta literatura fusionatuz Gibelurdinek musika taldeak Unai Elorriaga idazlearekin batera kontzertu-errezitaldia eskainiko du. Shane MacGowan The Poges talde mitikoaren kantaria izan zen. Musikari eta poeta hau punk-folk irlandarraren aitzindaria izan zen, Sex Pistols taldearekiko miresmenak bultzatuta. The Poges taldea gidatu zuen alkoholak eragindako gaixotasunek eszena uztera behartu zuten arte. Unai Elorriaga idazlea MacGowanen bizitzan oinarritu da gidoia osatzeko, eta Gibelurdinek (Fredi Paia, Josu Aurrekoetxea, Ekain Iurrebaso eta Katxo Larrazabal) taldeak The Pogesen bertsioak plazaratuko ditu.
Hitzordua: Shane McGowanen Gibela. Apirilak 22. Kafe Antzokia. 20:00. Sarrera: 5€.
Maite.K
Larunbatean kantu, doinu, irudi eta dantzaren bidez zazpi emakumeren bizitza pasarteak plazaratuko ditu Maite.K sentikariak. Inesa Gaxen, Kattalin Agirre, Mentxu Gal, Bizenta Mogel, Emiliana Zubeldia, Madalena Jauregiberri bai eta gaur egungo emazte bertsolari zenbait ditugu euskal emaztearen gorazarre honen artizarrak. Pier Paul Berzaitzen gidaritzapean talde sortzaile dirdiratsu bat bildu da: Joxean Goikoetxea (musikaria), Jon Maya (Kukai dantza) Juhane Dascon (kulturgilea), Lokarri abesbatza, Nils Inne (artista grafikoa) eta zazpi emazte-aktore-kantari. Kontzertua Campos Eliseos antzokian izango da 19:30ean.
Hitzordua: Maite.K sentikaria. Apirilak 23. Campos Antzokia. 19:30. Sarrera: 10€.
Oihanetik txangoa eta Denboraren makina
Alberto Urretxo Bilboko Orkestra Sinfonikoaren tronboi bakarlaria da eta hainbat musika bidaiatan dabil azken aldi honetan. Beste metal jotzaile batzuekin batera Euskadi Brass taldea osatu zuen. Loraldian Euskadi Brassek musika klasikoa plazaratuko du haurrentzako ikuskari parte hartzaile baten bidez.
Bi tailerrek emanaldia baino lehen haur musikari berriak gidatuko dituzte musika klasikoaren eremuan. Tailerrean ikasitakoa eszenara eramango dute kontzertu familiarrean.
Hitzordua: Oihanetik txangoa eta Denboraren makina. Apirilak 24. Itsasadar Museoa. Tailerrak (10:00). Kontzertu parte-hartzailea (12:00).
Etorkizuna perfektua balitz
Etorkizunari begira jarrita literatura, musika eta bertsolaritza elkarlanean arituko dira. Iazko bideari jarraiki, aurten Anjel Lertxundik testu bat idatzi du geroari buruz. Bi bertsolarik (Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio) testuaren gainean hausnartuko dute eta soinu-banda Igelaren Bandak jarriko du. Ezuste kilikagarriz jositako esperientzia.
Hitzordua: Etorkizuna perfektua balitz. Apirilak 24. Guggenheim Museoa. 12:30. Sarrera: 5€.
Solasean
Antzerkiola Imaginarioan ibilitako bikote sortzailea dugu Miren Gaztañaga eta Gabriel Ocinak osatutakoa. Oraingoan euren sorkuntza berriak dantza, musika eta antzerkia uztartzen ditu. Sei lagun bilduko dira eszenan solasean heriotza, laguntasuna, sorkuntza, denboraren joana… gaiei buruz. Guztiongan eragina duten gaiak, alegia.
Hitzordua: Solasean. Apirilak 24. La Fundicion aretoa. 19:00. Sarrera: 10€.
Cadavre exquis
Loraldia jaiadiaren baitan, OKELA Sormen Lantegiak erakusketa kolektiboa antolatu du, Cadavre exquis izenarekin, Zumarraga Plazako 3. zenbakian, Solokoetxen. Iago Rey, Txuspo Poyo, Leire Muñoz, Jon Otamendi, Lorea Alfaro, Carlos Garcia Pelaez, Patxi Araujo, Matxalen Oñate eta Maite Velaz dira erakusketako partaideak. Apirilaren 24ra arte egongo da ikusgai.
Hitzordua: Cadavre exquis erakusketa kolektiboa. Apirilak 22 (17:00-21:00). Apirilak 23 (11:00-14:00 eta 17:00-21:00). Apirilak 24 (11:00-14:00).