Martxoaren 3a, oroimenerako eta duintasunerako eguna

uriola.eus 2016ko mar. 3a, 10:15

Gaur, martxoaren 3an, 40 urte bete dira Gasteizko langileen greba orokorra eta poliziaren eskutik eragindako sarraskia gertatu zenetik. Aurten ere,  Francisco Aznar,  Pedro Maria Martinez, Jose Castillo, Bienvenido Pereda eta Romualdo Barroso,langileak eta egun horretan zaurituak izan zirenak omendu nahi dituzte Euskal Herri osoan. Uribarrin kontzentrazioa deitu dute 19:30ean Funikular Plazan.

1976ko martxoaren 3an Gasteizen, langileriak inoiz jasan duen erasorik latzenetarikoa jasan zuen. Greban zeuden langile batzuk eliza batean bildu ziren bilera egiteko asmoz. Orduan, espainiar polizia armatuak eliza gaseztatu zuen jendea irtenarazteko asmoz eta ostean, tiroka hasi ziren. Ondorioz, bost langile hil zituzten eta ehundik gora zauritu egon ziren.

Sarraskiaren urteurrenean, hainbat izan dira elkarretaratzeko deialdiak egin dituztenak Euskal Herriko beste herrietan. Bilboren kasuan, Uribarrik elkarretaratzea deitu du 19:30ean Funikular plazan.  

1976ko martxoaren 3a

Garai hartan ez zegoen askatasunik, ez zegoen greba egiteko eskubiderik, manifestazioak ezta bilerak egiteko eskubiderik ere, eta diktadura-erregimen gogor haren menpe, Gasteizen hainbat enpresaren babesa jaso zuen greba-mugimendu bat ari zen garatzen. Mugimendua gizartearen eta lanaren inguruko aldarrikapen batzuetan soilik zegoen oinarrituta.

Bi hilabete luzez greban egon eta greba orokorreko bi egun igaro ondoren, martxoaren 3an geldialdi orokorreko lanaldi baterako deialdia egin zen. Geldialdiak ia langile guztien babesa jaso zuen, baita borrokan ziharduten enpresena eta elkartasunez babestu zuten beste batzuena. Goizetik, poliziak gogor jardun zuen langileek ekintzarik noiz egingo zuten zai.

Arratsaldeko bostetarako elizan informazio-bilera orokor bat egiteko deia egin zuten, bertan bildu ohi baitziren borrokan ziharduten enpresen Ordezkaritza Batzordeak azken albisteen berri emateko.

Poliziak elizan itxaron zuen 5.000 pertsona inguru bildu ziren arte, eta kanpoan geratu ziren, eta orduan, eliza husteko agindu zuten. Bertan bildutakoek, irtetean jo eta kolpatuko zituztelakoan, ez zuten elizatik irten nahi izan. Eliza Konkordatuaren babespean zegoen eta ondorioz, Indar Armatuek ezin zuten elizetara sartu ezta bertan jardun ere premia handia egon ezean.

Jendea irtenarazteko asmoz, poliziak gas negar-eragileekin eta istiluen kontrako materialarekin eraso egin zuen eta ondorioz, bertan bilduta zeuden pertsonak izututa eta itota ihesi atera ziren. Orduan, polizia kolpeka eta tiroka hasi zen bereizketarik egin gabe, bai ihesi atera ziren pertsonen kontra, baita jendea infernu hartatik irten ahal izateko kanpotik poliziaren arreta deitzen ari zirenen kontra ere. Bost langile hil zituzten eta gutxi gorabehera ehun zauritu egon ziren, asko larriki zaurituta, gainera. 

 

'Maiatzak1egin' plataformaren manifestua

Gertaerarekin bat eginez, 'Maiatzak1egin' plataformak bat egin du justizia eskaera honekin eta adierazpen bat kaleratu du honen aurrean:

"40 urte luze pasa dira 1976ko martxoaren 3an poliziak Gasteizen burututako sarraskitik. Egun horretan, Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan bilduta zeuden milaka langileen aurka oldartu eta haietako bost erail zituen: Romualdo, Pedro, Francisco, José eta Bienvenido. Gerora, indar errepresiboek hilketa hauek salatzen zuten hainbat langileen bizitzarekin amaitu zuten. Urte horietako klase borrokaren areagotzea geldiaraztea zuen helburu, erregimenak erreformarekin aurrera egin ahal izateko eta haren oinarriak kolokan jartzen zituen mugimendu zabalarekin amaitzeko.

Gaurko Euskal Herrian martxoaren 3a herri boterearen eta duintasunaren sinbolo bilakatu da. Hainbat urtez isilarazita eta ahaztuta izatea nahi izan dute, baina Gasteizeko langileen eredua gainetik pasa zaie. Izan ere, eredugarria baita urte horietan zabaldu zen elkartasuna eta batasuna: enpresa, sektore eta jatorri ezberdinetako langileen arteko esperientzia trukaketek,  asanbladek, eztabaidek eta ekintzek erakutsi baitzuten batuta gaudenean daukagun indarra eta nola elkarlanean kontzientziak pizten ditugun. Kapitalismoaren krisian gauden momentu honetan, Gasteizeko langileen borrokaren irakaspenak gaur presente eduki behar ditugu, pairatzen ditugun erasoei  aurre egiteko tresnak, alegia.
 
Maiatzak 1 Eginek  Gasteizen urteurrenaren inguruan antolatu diren hamaika deialdietan parte hartzeko deia egiten dio herri mugimenduari eta langile herriari. Eraildakoen izenak historian ez galtzeko eta borroka bizirik dagoela aldarrikatzeko helburuetan ere herri mugimenduak baduelako zer esanik.
 
Gora Martxoaren 3a!"