Doinu galaktikoz beteriko kalejira antimilitarista

uriola.eus 2016ko mar. 9a, 12:00

'Star Wars' eta 'Martxa inperial'-aren doinuekin gaur goizean kalejira egin dute Moyua Plazako Zerga-Agentziatik Espainiako Gobernuko Azpiordezkaritzaraino, 'Stop Wars. OTAN ez' lelopean, Kakitzat Koordinadora Antimilitaristak deituta. 

Martxaren bidez egungo gastu militarrak suposatzen duen giza-eskubideen 'murrizketa-galaktikoa' salatu dute antimilitaristek. Bestalde, errefuxiatuak onartu eta hartzearen aurrean, Estatuek "dirurik ez dagoela esaten dute, geroz eta gastu gehiago gastu militarretarako desbideratuz", Kakitzaten esanetan. Euren irtenbidea, koordinadorak argitu bezala, NATOren gerraontziak bidaltzea da Egeo itsasora "errefuxiatuen etorrera gelditzeko asmoz". Gerrek "beti eskubideen murrizketa" suposatzen dute, eta "txikizioa" gerrak sufritu behar dituztenentzat.
 

Datorren martxoaren 12an, larunbata, 30 urte beteko dira Espainiako Estatuak NATOn sartzea erabaki zueneko erreferendumetik. 1986ko egun hartan, Euskal Herriko zonalde guztietako bozkek ezetza eman zuten guda eta NATOren aurrean. Bizkaian %64,6 ezetza eman zuten, Gipuzkoan %68,3, Araban %59,5 eta Nafarroan %52,7.

 
NATOrik EZ
 
Espainiako Estatuak %5 gehikuntza atxikitu beharko dio aurtengo gastu militarrari. Honek esan nahi duena da, 24.490 eurotara iristen dela Espainiak antolakunde militarrari ordaindu behar dion zifra urtean. Horretaz aparte, 40.000 euroko gastu gehigarria hartu behar da kontuan, arma negozioarekin duen zorretara doana.
 
Zehatz-mehatz, gastu militarrak Defentsa Ministerioa (5.788 milioi), Klase pasibo eta Antolakunde Militarrak (3.477 milioi), Barne-Ministerioa (2.658 milioi) eta Industri-ministerioa (500 milioi euro) hartzen ditu bere baitan.
 
Hau guztia salatzeko, goizeko 10:30ean kalejira musikatua irtengo da Moyua Plazako Zerga-Agentziatik Espainiar Gobernuko Azpiordezkaritzaraino, Kakitzat Koordinakunde Antimilitaristak deitua.
 
 
NATOren aurkako 30. urtemuga martxoaren 12an

12:30ean: NATOren aurkako kalejira-antimilitaristaren hasiera: Zabalburu plazatik Bilboko Gobernu Militarraraino Orkresta Nazional elektro-txarangarekin.

13:00ean: Musika militarraren kontrako martxa; Bilboko Gobernu Militarraren aurrean hasita eta Errekaldeko Etxarri Gaztetxean amaituta.

14:30ean: Herri Luntxa Etxarri Gaztetxean (Errekalde).

17:30ean: Triki-Poteo Antimilitarista Errekaldetik; Etxarri Gaztetxean hasiko da.

19:30ean: NATOren aurkako kontzertua Etxarri Gaztetxean (Doctor Diaz Enparantza 9): Primeros Auxilios, JMA-JON Manteca`s Army, Vomitando Desperdizios eta BarbaCore.