Barruan BBVAko Akziodunen Batzar Orokorra, kanpoan BBVA "odolez blai"

uriola.eus 2016ko mar. 11a, 12:56

Azken zortzi urteetan egin duten legez, BBVAren aurkako Plataformak ekintza zuzen ez-bortitza egin du Euskalduna Jauregiaren parean, barruan, BBVAko Akziodunen Batzar Orokorra ospatzen zen bitartean.

Goizeko 11:00etan plataformako lau aktibistek, exekutiboz jantzita, Euskalduna Jauregiaren atearen aurrera ailegatzean margo gorria bota dute beraien buruen gainean, odola irudikatuz, "BBVA hiltzailea" eta "BBVA odolez blai" leloak oihukatuz. Hainbat ertzainek atxiki egin dituzte bertan, eta ordu erdi pasatuta, laurak identifikatu ondoren, aska egin dituzte.

Ekintzaileek BBVAren "politika hiltzaileak" salatzea izan dute xede. "Beste behin erabili dugu formula bera, beste behin BBVAk muzin egiten diolako bere jarduera burutzen duen lurraldeko hainbat eta hainbat aldarrikapeni".

BBVAk armagintzaren industriara bideratzen duen dirua da horren adibide plataformaren esanetan. Espainiako armagintza-fabrikei emandako kredituetan soilik, 288 milioitik gora euro inbertitzen ditu, Centre d’Estudis per la Pau Centre Delàs erakundearen azken txostenaren arabera. Txosten berean aurki daitezkeen datuon arabera, BBVAk sei milioi eurotik gora dauzka Indran inbertituta, dela akzioetan edo bonotan. "Marka ederra du, bai, Espainiako beste banku guztien rankinean lehena baita armagintzaren industria laguntzen".

Salaketak haratago doaz. "BBVA hiltzailea da jendea etxeetatik botatzen eta etxe horiek eskuratzen dituelako. Hiltzailea da urtegiak eta ingurumenarekiko oso bortitzak diren proiektuak bultzatzen dituelako. Kurdistango Ilisu urtegiaren eraikuntza laguntzen duelako, non, albo-ondorio gisa, gainera eraikuntzaren inguruan militarizazio bortitza eragin baitu. Hiltzailea da BBVAk finanziatutako Quimbo urtegiaren proiektuan Nelson Giraldo ekintzailea 2014n erail zutelako".

Plataformako kideek gaurko agerraldian azaldu dutenez, BBVArena "kasu partikular bat da inongo etikarik gabe funtzionatzen duen mundu mailako finantza-eredu zoro honetan". BBVAk 2.642 milio euroko irabazia lortu zuen 2015en, iaz baino %0,9 gehiago, "herritarren gehiengoa krisi handi batetik ezin atera dabilenean". Krisia, "bankuek egindako espekulazioak eragin duenean, eta, ondoren, herritarrok ordaindu ditugunean ondorioak, estatuko fondoak bankuak salbatzeko erabili direnean, eta etxegabetzeak etengabe gertatu direnean", gaineratu dute.

bbvahiltzaile.blogspot.com

@BBVAgh