Pentsio duinak eskatzeko manifestazioa deitu dute gaurko

uriola.eus 2016ko mar. 16a, 09:05

Hego Euskal Herriko Pentsionisten lau plataformek gaur, asteazkena, hilak 16, Bilbon "pentsio duinen" aldeko manifestazioa deitu dute. Europako Karta Sozialak gomendatu bezala, 1.080 euroko "gutxieneko pentsioa" aldarrikatzea izango dute xede.

Plaza Biribiletik irtengo da manifestazioa 13:00etan. Kale Nagusitik abiatuko da Eliptika plazara heldu arte eta bertan, Espainiako Gobernuak daukan ordezkaritzaren aurrean bukatuko da.  
 
Arabako Pentsionistak Lanean, Bizkaiko Pentsionistak Martxan, Gipuzkoako Duintasuna elkartea eta Nafarroako Pentsionistak Martxan dira deitzaileak. Manifestazioan baino lehen asanbladan elkartuko dira elkarte ezberdinak. 10:00etan Unamuno Institutuan hasiko den Pentsionisten II Asanblada Nazionalaren berri 12:15ean emango dute hedabideen aurrean.  
 
Sinadura bilketan 1.080 euroko pentsio duinak izateko
Eusko Legebiltzarrean pentsioen gaia eztabaidatzeko ezezkoak eraman ditu Hego Euskal Herriko pentsiodunen plataformak sinadura bilketa abian jartzera. Lau hilabete eta erdian 45.000 sinaduratik gora bildu nahi dituzte EAEn, "herritarren borondateak aldaketak eragin ditzakelako".
 
Hilean 1.080 euroko pentsioen aldeko sinadurak ospitaletan, anbulategietan, auzoetako bilguneetan, herrietan, ikastetxeetan, jubilatuen etxeetan eta, sindikatuen bitartez, lantegietan biltzen ari dira.