Guztira uriko 40 enpresa eta entitatek parte hartu dute 'Karbono gutxiko estrategia baterantz Bilbon 2015' programaren IV. edizioan. Bilboko Udalak bultzatzen du programa hori Bilbao Ekintza udal sozietatearen bidez. Ekimen honekin azken lau urteotan bat egin duten enpresa txiki eta ertainak, entitate eta erakundeak, guztira 78 dira. "Guztion erronka da hau: Bilbo jasangarriagoa egitea eta klima-aldaketaren ondorioei aurre egitea", adierazi zuen atzo iluntzean Udaletxean buruturiko ekitaldian Juan Maria Aburto alkateak.
Juan Mari Aburto joan zen abenduan Parisen Tokiko Liderrentzako izandako Klimari buruzko Goi-bileran egon zen. Ildo honetatik gogorarazi du Bizkaiko uriburuak "apustu estrategikoa egina duela 2005aren aldean 2020an CO2 emisioak % 30,8an jaisteko".
'Karbono-aztarna' ezagutzea eta gutxitzea
Karbono-aztarna gutxitzeko lehen urratsa berotegi-efektuko gasen emisio-iturriak zeintzuk diren jakitea da.
Enpresak edo entitateak jarduera garatzean ingurumenean eragindako inpaktua baloratu eta ondorioei aurrea hartzeko proposamenak eta neurriak zehaztu behar dira.
Karbono-aztarnaren neurketak "onura handiak dakartza"; besteak beste, energia aurreztea, baliabideen optimizazioa, lehiakortasuna hobetzea, eta ingurumen eta jasangarritasunari lotutako markaren balioa sendotzea.
Neurketa, balioak eta ondorioak
Bilboko Udalak abian jarritako programaren barruan aztertutako aldagaiak egokitu dira enpresa eta entitate bakoitzaren ezaugarrietara; horrela, haren eraginkortasuna eta eragingarritasuna bermatzeko. Neurketan, besteak beste, hauek hartzen dira kontuan: energiaren kontsumoa klimatizaziorako, berotzeko, argikuntzarako, igogailuetarako, garraiorako, desplazamendurako zein lehengaiak lortzeko.
Neurketak eginda ateratako ondorioek hauek azpimarratzen dituzte: kontzientziazioa, energia berriztagarrien eta ingurumena errespetatzen duten erregaien erabilera, eragingarritasun handiko ekipoak eta uraren kontsumoa gutxitzen duten sistemak jartzea eta garraioari lotutako emisioak gutxitzen dituzten produktuen alde egitea.
Bilboko Udalak karbono-aztarna gutxitzeagatik saritutako 40 enpresen artean asko oso ezagunak dira; hala nola: Villa de Bilbao hotela eta Miró hotela; Bilbao Basket, Club Deportivo de Bilbao; Cluster Gaia; Deustuko Unibertsitatea, Bilboko Ingeniaritza Eskola eta Zientzien eta Enpresa Zientzien fakultateak (UPV/EHU); Jauregizar Promoción y Gestión Inmobiliaria, Excavaciones Vda. De Sainz eta Balzola Construcciones y Promociones eraikuntza-enpresak, Arte Ederren Museoa, Zorrotzaurreko IMQ klinika, Virgen Blanca klinika, Gorabide, Decathlon eta Mercedes de Miguel dendak, etab.
Enpresa horiek guztiek zurezko estatuatxo ekologiko bana jaso dute, egindako lanaren sinbolo gisa.
Alkateak azaldu duenez, enpresen eta entitateen inplikazio honekin "posizioa eta izena hobetzen dituzte, bezero gehiago erakarri eta negozioa zabaldu, baina baita uri osasungarriagoak eta jasangarriagoak egiten lagundu ere bai. Horregatik merezi dituzte gure onarpena eta txaloak, baita uri guztiaren eskerrona ere".